Kiroldegiaren barruan espazio erabilgarri gehiago izateko helburuarekin, obretan hasi da Azpeitiko Udala. Lanekin solairu berri bat aterako dute, eraikinaren baitan espazio gehiago eskuratzeko. Bukatutakoan, judoko eta karateko klubek erabiliko dute. Horrela, bi klub horien jarduna igerilekurik kiroldegira pasatuko da. Lanak urte honen bukaerarako amaituko dituztela aurreikusi dute udaleko arduradunek.
Solairu berria, gaur egunera arte spinning-a egiten den gunearen gaineko aldean eraikiko dute, eta sarrera kiroldegiaren azken solairutik izango du. Bitartean spinning-a igerilekuan izango da.
Spinningeko saioak igerilekura aldatu beharrak, igerilekuaren eraikinean bertan eraldaketa batzuk egitea eragin du. Hau da, igerilekuko hirugarren solairuan, orainarte pilotaleku txiki bat eta biltegia zeuden tokietan, gimnasioko kardiobaskular erremintak jartzeko tokia prestatu dute. «Horrela, gimnasioko erabiltzaileek lasaitasun eta leku gehiago izango dute Udal Kirol Patronatuak herritarrei eskaintzen dizkien makina desberdinetan ibili ahal izateko», azaldu dute udaletik.
Bestetik, masajistaren zerbitzua ere kiroldegitik igerilekura pasatu dute, «igerilekuaren eraikina zerbitzua emateko espazio egokiagoa delako».
Eskaladarako tokia aztertzen
Herriko eskalatzaile taldeak eskalada egiteko toki apropos bat eskatu dio Azpeitiko Udalari. Udaletik azaldu dutenez, epe motz batean eskalatzaileek egindako eskaerari erantzuna emateko asmoa dute, Loiola 91 bezala ezagutzen den eraikinean eskalatzeko txokoa jartzea aztertzen ari direlako.