Euskal Herritik kanpo aritu da azkenaldian Zestoako Grises taldea kontzertuak ematen, baina bihar, eskualdean egingo du geldialdia. Aitzaldenk 02 jaialdian kontzertua eskainiko dute, 23:00etan, Sanagustinen, El hombre boligrafo diskoaren biraren baitan. Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ecuador, 1980) taldeko abeslariak UROLA KOSTAKO HITZA-ri jakinarazi dionez, bigarren diskoa kaleratuko du urtarrilean taldeak.
Nola jaso duzue Aitzealdenk jaialdian aritzeko gonbita?
Oso gustura hartu dugu. Inguruan egiten diren ekitaldietan parte hartzea beti da pozgarria. Azkenaldian, Euskal Herritik kanpo aritu gara; Espainian eskaini ditugu kontzertu asko.
Etxe ondoan jotzea beti da gustukoa.
Nolako kontzertua izango da?
Sanagustinen eskainiko ditugun abestiekin asko jardun dugu azkenaldian. Gainera, bira amaituko dugu laster, urtarrilean disko berria kaleratuko baitugu. Bihar Azpeitian joko duguna eta hurrengo hilean Donostian eskainiko duguna izango dira bira honetan inguruan emango ditugun azken kontzertuak. Orduan, uste dut kontzertu politak izango direla, diskoari amaiera ematen ari baikara, eta abestiei buelta asko eman dizkiegu dagoeneko. Kontzertuak borobilak dira, beraz.
Non ibili zarete azken hilabeteetan?
Pasa zen asteburuan Puerto De Santamariako (Espainia) Monkey Week jaialdian aritu gara. Horrez gain, Bartzelonan, Valentzian, Galizian eta Huescan egon gara, besteak beste. Kanpoan kontzertu ugari jo ditugu.
Zer moduz doa bira?
Oso ondo. Diskoa proiekzio handia izaten ari da, eta oso gustura gaude. Hala ere, oihartzun gehiago ari gara ezaten kanpoan, Euskal Herrian baino. Horregatik, pozez hartzen ditugu hemengo kontzertuak.
Diskoak ere harrera ona izan al du?
Ezin gara kexatu; harrera oso ona izan du, eta oraindik ari da izaten. Irrati kate batzuk asko lagundu digute horretan; Radio 3-ek, esaterako, hasieratik ahalegin handia egin du, eta kanpora begira leiho garrantzitsua izan da. Ikusi besterik ez dago zenbat kontzertu eman ditugun. Zentzu horretan, oso gustura gaude.
Taldeari zer ekarri dio lehen diskoak?
Diskoak taldeari formazio konkretu bat eman dio lana egiterako orduan. Diskoan bi eratako abestiak daude: dantzagarriak eta himno tankerakoak. Bi joerak lantzen ditugu, eta hori pauso garrantzitsua izango da orain aterako dugun diskorako. Aurrekoan bilakaera ikusten hasi zen, baina oraingo diskoak askoz musika sendoagoa izango du, geure bidea askoz gehiago jorratuta dugulako. El hombre boligrafo bide bat izan da hori lortzeko.
Bigarren diskorako asko esperimentatu ahal izan dugu Eñaut Gaztañagaren estudioan. Horrek izugarrizko aukera eman digu; abestiak publikoaren aurrean probatzen ditugu, eta gero estudiora pasatzen dira. Han ordu pila bat pasatzen ditugu ekoizten. Hurrengo diskoa lan heldua izango da, beraz.
Eñaut Gaztañaga taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea da, eta estudioan masterizatuko duzue hurrengo diskoa. Zertan eragiten du taldekide baten estudioan aritzeak?
Izugarrizko abantaila da. Gaur egun, estudio batera sartzeak diru asko eskatzen du. Orduka kobratzen dute, eta ondorioz, ez dugu aukerarik izaten gauzak probatzeko. Aldiz, Eñauten estudioan guztia probatu dugu; mila aldaketa egin ditugu, musika tresna pila bat sartu ditugu… Gauzak grabatzeko nahi adina denbora edukitzeko aukera izan dugu.
Soinujolearen semea antzezlanean hartu duzu parte, eta gaur estreinatuko duzue. Nola uztartuko dituzu bi jarduerak?
Grisesekin azken kontzertuak ematen ari naiz. Bira amaitzean, bi hilabeko geldiune bat egingo dugu, hurrengo diskoa atera baino lehen. Pena da, baina kulturaren egoera ikusita, zaila izango da antzezlana asko mugitzea. Orain, Bilboko Arriagan, Donostiako Viktoria Eugenian eta Gasteizko Printzipalean ditugu emanaldiak, eta apirilean Madrilera goaz. Gero, irtengo da biratxo bat, baina ez dut uste antzezlanak askoz gehiagorako emango duenik.
