Corrugados Azpeitia, Laminaciones Arregui, Formica, Cementos Lemoa, Alestis eta Holtza enpresetako langileek mobilizazio bateratua egingo dute Gasteizen gaur eguerdian, lantegiotako enpresa batzordeek eginiko deiari erantzunez. Gasteizko Parlamentuaren aurrean egingo dute protesta.
Aipatu enpresetako langileek bat egiten dute langile klasearekiko elkartasunean. "Ezaugarri komun ugari ditugu:geure lantegietako zuzendariek lan araudia baliatu nahi izana kaleratzeak egiteko, lan baldintzak prekarizatzeko, erabakiak inposatzeko, negoziazio kolektiboa baliogabetzeko", jakinarazi dute langileen ordezkariek. Horren aurrean, ez dituztela inposaketak onartuko adierazi dute, eta planto egingo dutela. "Geratzen den bide bakarrari heldu diogu: borrokari".