
Ekograseko ordezkari Arantxa Oria eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta (Aiora Larrañaga/Hitza)
Urola Kostako Udal Elkarteak eta Ekogras enpresak Aia, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarauzko etxeetan sortzen den olio zikina birziklatzeko kanpaina jarri dute martxan. Egun bost udalerrien artean olio erabilia biltzeko 35 edukiontzi daude, eta «iaz denera 38 mila kilo olio» bildu zituztela azaldu zuen astelehenean Ekogras enpresako ordezkari Arantxa Oriak.
Horren aurrean, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko herritarren artean olio zikina birziklatzeko ohitura zabaldu nahi du, eta horretarako olio erabilia birziklatzearen garrantzia azalduko du datozen egunetan, hainbat modutara.
Horretaz gain, herritarrak olioa bereizita biltzera anima daitezen zozketa bat ere egingo du hilero, urte betez.
Kanpainaren adarrak
Olio zikina birziklatzeko ohitura herritarren artean sustatzeko kanpainak hainbat ardatz izango du. Alde batetik, Urola Kostako Udal Elkarteak irrati bidez zabalduko du kanpaina: «Sukaldean erabilitako olioa duzu eta ez dakizu zer egin? esango du irratiko iragarkiaren hasierak», azaldu du Amaia Guruzetak, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.
Bestetik, Aia, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarauzko etxeetan esku orriak banatuko dituztela ere jakinarazi dute ordezkariek. Olioa gaika biltzeak ingurumenari ekartzen dizkion onurak azalduko dituzte. Gainera, nola birziklatu behar den, bildutako olioarekin zer egiten den, eta bost udalerrietan olioa biltzeko edukiontziak non dauden zehaztuko da.
Horretaz gain, olioa gaika biltzen duten herritarren artean bi bazkari edo afari zozkatuko ditu udal elkarteak hilero. «Esku-orriarekin batera 12 eranskailu banatuko ditugu, eta herritarrek plastikozko ontziak olio zikinez betetzen dituztenean, horietako bakoitzari izen-abizenak eta telefono zebakira zehaztuta pegatina itsasi eta kaleko edukiontzietara bota beharko dute», adierazi du Guruzetak.
Olioa gaika biltzearen inguruko informazioa emateaz gain, herriko gaztetxoenengan ere birziklatzearen garrantzia nabarmendu nahi dute. Horretarako Asier Kidam magoa Zarautzen eta Zumaiako kaleetan barrena arituko da birziklatzearen inguruko jolas eta magia saioak eginez.
Biodiesela sortzeko gaia
Ekogras enpresako ordezkari azaldu zuenez «olioa arraskatik behera botatzen denean, araztegietara joaten da, eta oso zikina izaten denez, hondakina bezala tratatzen da. Olioa jaso eta horretarako prestatutako edukiontzira botaz gero, berriz, olio hori bio-diesela egiteko erabiltzen da; bigarren belaunaldiko biodiesela egiten da, horretarako elikadurarako beharrezko baliabiderik kontsumitzen ez duena».
———————–
Magia ikuskizuna
Egutegia
-Urriaren 20an, larunbatean, goizetik Zarautzen. Asier Kidam magoak ikuskizun ibiltaria egingo du herrian zehar. Musika Plazan hasiko da, ondoren udaletxeko plazara joango da, eta Salbatore Mitxelena Ikastolaren aurrean amaituko da.
-Urriaren 21an, igandean, arratsaldean Zumaian. Asier Kidam magoa. ikuskizun ibiltaria egingo du herrian zehar. Alai auzategian hasiko da, ondoren Zuloaga Plazan egongo da, eta Amaia Plazan amaituko du ikuskizuna.