Tabernarien elkarteak «eragile aktiboa» izan nahi du

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 18a

Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) «eragile aktibo bat gehiago» izatea erabaki du, eta aurrerantzean antolatuta herriko beste eragileei laguntzen eta bere kasa gauzak antolatzen hasiko dela adierazi du. Antolatzeko lanean urteak daramatza tabernarien elkarteak, baina orain artean larunbat iluntzetan-eta kontzertuak antolatu dituzte. Kontzertuak antolatzen segitzeko asmoa dute, baina beste  bide batzuk ere jorratzen hasiko dira, «irizpide batzuekin». Herrigintzan beste eragile bat izateaz gain, AZTEren beste helburuetako bat «alde zaharra indartzea» dela diote. «Azken hamarkadan, alde zaharreko giroa asko aldatu da eta triste samarra geratu ere bai, azken urte honetan gora egin badu ere». Gorako joera horri «heldu, indartu eta bizia» eman nahi diote herriaren alde zaharrari, «horrek guri ere mesede handia egingo likugeelako». Azken urteetan bezala, Elkartasun Egunari laguntza garrantzitsua eman diotela esan dute eta aurten aurreneko aldiz, baita Lagun Onak futbol klubaren egunari ere. Horiez gain, kontzertu jaialdiei ere bultzada emango die tabernarien elkarteak (Aitzealdenk! Zuzenean 01 musikaldiari eta Kriston Burrundaye jaialdiari eman zioten eta aste honetan izango den Aitzealdenk! Zuzenean 02-ri ere emango diote). Gainera, beste egitasmo txiki batzuk ere abian jarri nahi dituzte. Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkartean laster webgune propio bat jartzeko asmoa du, eta baita facebookeko orria ere. Bi euskarrietan elkarteari buruzko informazioa, eskaintzak eta antolatuko dituzten ekitaldien berri emango dute. AZTE alde zaharrean dauden taberna  batzuk osatzen dute: Charlie Chaplin, Fideo de Mileto, Lokotx, Zuhatz, Intz, Orkatz, Bost, Etxe Zuri, Amaia, Txarrantxa, Oñatz eta Sanagustin kulturgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide