Bihar hasiko da Aitzealdenk!02 Azpeitiko Sanagustinen

Nerea Uranga 2012ko urriaren 18a

Sei taldek hartuko dute parte bihar eta etzi Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egingo den Aitzealdenk! Zuzenean 02 musika jaialdian. Kulturgunearen zuzeneko kontzertuen aldeko egitasmoaren bigarren edizioa bihar eta etzi izango da. Tartean, «Euskal Herrian behin baino ikusiko ez den Ama Say taldearen itzulera» iragarri dute ekimenaren antolatzaileek. Aitzealdenk! zuzenean 02 bihar MobyDick bakarlariaren emanaldiarekin hasiko da, 23:00etan. Ondoren, dantza eta festa sortzeko aldeko aspustua eginez, Pasai Donibaneko Anai-arrebak eta Zestoako Grises taldeak ariko dira. Larunbatean, berriz, bestelako musika izango dela azaldu dute antolatzaileek, «baina erabat erakargarria hau ere». Aurrena, Ama Say talde bizkaitarra ariko da. Hauek euren itzuleran bi kontzertu bakarrik joko dituzte, Sanagustinen etzi joko dutena bata eta bestea Bartzelonakoa. Haien atzetik, Irungo Lisabö taldeak joko du, «azken urteetan euskal musikak duen zuzenekorik indartsuenetakoa». Lisabören atzetik, bigarren musika jaialdi honi bukaera, Mikel Unzurrunzaga Makala DJ zarauztarrak emango dio, Unexpected Tapas diskoaren harira. Etzi ere musika jaialdia 23:00etan hasiko da. Sanagustin kulturguneko musika jaialdiko egun bakoitzerako sarrera 10 euro izango da, eta aurrez erosteko aukera ere badago kulturgunean bertan edota www.aitzealdenk.net eta www.sanagustinkulturgunea.net webguneetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide