GUTUNA: Igandean bozkatzera joateko Bilduren deia

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 18a

Ekiñe Saizar, Orioko Bilduren izenean. Orio. Bildu koalizioak Orioko Udalean dituen bost zinegotziek datorren igandean bozkatzera joateko deia egiten diegu oriotarrei. Beñat Solaberrieta alkateak, Jon Agirresarobek, Ekiñe Saizarrek, Bixente Lasak eta Amaia Dorronsorok Euskal Herria Bilduren aldeko botoa emango dugu. Pasa den ostegunean egin zuen ekitaldia, Orion, Euskal Herria Bilduk. 130 lagun inguru bildu ziren Kultur Etxean. Larunbatean Barakaldoko ekitaldian elkarrekin izan ziren zinegotziak eta koalizioa osatzen duten alderdietako militanteak. Handik bueltan adierazpen hauek egin nahi izan ditugu: Krisia gainditzea eta konponbidean aurrerapausoak ematea izango dira legegintzaldi berriaren bi lehentasunak. Egoera ekonomikoari buelta emateko eredu berria behar da, Laura Mintegik Barakaldon irudikatu bezala «gizarte justuagoa lortzeko». Bide honetan, Benat Solaberrieta alkateak Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako hautagaiak Orion egindako hitzak ditu buruan hiltzatuta: «Murrizketak egin beharko ditugu, ez dugu egia ezkutatuko. Hori bai, pribilegioak etengo ditugu, gehien dutenek gehiago ordaintzea baita lehen pausoa». Orion bertan oso garbi ikusten da adreiluaren, porlanaren eta gerora ordaintzen nahiko lan izaten den makroproiektu erraldoien politikak egoera kaxkarrean utzi dituela herritarrak eta zerbitzu publikoak. Aurrera begira lanpostuak sortzea, neurriko zerbitzuak mantentzea, alokairu soziala, oinezkoari lehentasuna ematea, natura eta euskararen zaintza dira Bilduren mugarriak. Gure iritziz gehiengo abertzalea izango duen Legebiltzarrak Euskal Herriaren erabaki eskubidea lortzeko prozesuan lidergoa hartu behar du. Batetik, soluzio politikoak eskaini behar zaizkio herriari, aukera dezan. Bestetik, orain artean alde guztiek eragin duten minaren aitortza beharrezkoa da elkarbizitza gauzatzeko. Koalizioaz beste alderdiek esaten dituztenak ez kontuan hartzeko gomendioa egiten diegu herritarrei. Udal hauteskundeetan ikusi zen etengabe. Bilduren programa falta aipatu eta Bilduk egingo lituzkeenaren inguruko alarmak zabaldu zituzten beste aukera politikoek. Besteek gutaz diotenari jaramon egin gabe urte erdian Orioko Udalean hartutako konpromisoak eta egindako lana baloratu behar dira. Indar metaketarekin batera elkarrekin aldarte onean eta ilusioz ari gara lanean Orioko Udalean eta ziur gaude formulak beste instituzioetan ere funtzionatuko duela. Abstentzio boto bakoitza galdutako aukera delako, igandean bozkatzera joateko deia egiten dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide