Zestoako Grises taldeak kontzertua eskainiko du ostiral gauean, Azpeitiko Aitzealdenk! 02 jaialdian, Sanagustinen. UROLA KOSTAKO HITZAk Amancay Gaztañaga taldeko abeslariari elkarrizketa egin dio, eta biharko egunkarian kaleratuko du. Hemen aurrerapena:
Nola jaso duzue Aitzealdenk jaialdian aritzeko gonbidapena?
Oso gustura hartu dugu. Inguruan egiten diren ekitaldietan parte hartzea beti da pozik hartzen den gauza bat. Azkenaldian, Euskal Herritik kanpo aritu gara; Espainian eskaini ditugu kontzertu asko. Beraz, etxe ondoan jotzea beti da gustua.
Nolako kontzertua izango da biharkoa?
Bertan eskainiko ditugun abestiekin asko jardun dugu azkenaldian. Gainera, bira amaituko dugu laster, urtarrilean disko berria kaleratuko baitugu. Orain Azpeitian joko duguna eta hurrengo hilean Donostian eskainiko duguna izango dira bira honetan inguruan emango ditugun azken kontzertuak. Orduan, uste dut kontzertu politak direla, diskoari amaiera ematen ari baikara, eta abestiei buelta asko eman dizkiegu dagoeneko. Kontzertuak borobilak dira, beraz.