Atez atekoaren kontrako plataformak herri galdeketa bat babesteko prest agertu dira

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 17a

Atez ateko zabor bilketaren kontrako taldeak herri galdeketa babesteko prest agertu dira, alderdiren batek proposamena aurkeztuko balu Batzar Orokorretan. Hala jakinarazi dute plataformek gaur goizean Donostiako Arantzazu hotelean. Plataformek koordinadora osatu dute, eta horren aitzakian eman dute prentsaurrekoa. Ekimenaren kontrako 70.000 sinadura bildu izana "historikotzat" jo dute kideek prentsaurrekoan. Eskualdeko plataformetako kideak izan dira ekitaldian, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz eta Zumaiakoak, Arrasate, Astigarraga, Azpeitia, Azkoitia, Bergara, Deba, Eskoriatza, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Ormaiztegi, Oñati, Pasaia eta Tolosakoekin batera. Plataformak Bilduko 34 alkateren "alde bakarreko erabakiaren aurrean erantzun gisa" sortu zirela gogoratu dute. "Agindu bezala hitza herritarrei eman beharrean, kontrakoa ari da egiten, herritarren existentzia bera kontuan izan gabe". Hala, zera adierazi diete Bilduko ordezkariei: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu gure eskaria aintzat har dezaten, gizartearen gehiengoa entzun dezaten". Irudia: Atez atekoaren kontrako Zumaiako plataforma, aurkeztu zutenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide