Corrugados Azpeitiako langileak epaiaren zain gelditu dira, ados jartzeari uko eginda

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 16a

Luze jo du atzo Corrugados Azpeitiako 60 kaleratuen inguruko epaiketak Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Orain epaiaren zain gelditu dira langileak, eta hiruzpalau aste barru jasotzea espero dute. «Corrugados Azpeitiarentzako enpresaren etorkizuna argituko duen Industria Plan serio bat eskatzen dugu. Baina hori ezin dutela bermatu diote nagusiek», azaldu dute Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek. Bilbora 154 langile joan dira goizean autobusez. Hango Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin dute.10:00ak aldera zen abiatzekoa Corrugados Azpeitia enpresatik kaleratutako 60 langileen inguruko epaiketa, baina arratsaldera atzeratu dute. 15:00etan hasi, eta 18:40ean bukatu da epaiketa. Goizean, bi aldeetako abokatuak ados jartzen saiatu dira, eta horregatik atzeratu da epaiketa hasteko ordua. Langileen abokatua eta Alfonso Gallardo Taldeko abokatua negoziatzen saiatu ziren epaiketa hasi aurretik. «Epaiketa hasteko orduan, Gallardo Taldeko abokatuak negoziatzeko eskaintza egin zion gure abokatuari. 60 kaleratutatik zortzi lagun boluntarioak izan beharrean 15 izatea eskainiz. Baina guk diogu, denei eman behar zaiela tailerra boluntarioki uzteko aukera. Eta hori ez dute onartu nahi», azaldu du Enpresa Batzordeko ELAko ordezkariak. Horrez gainera, langileen kalte-ordaina ahalik eta onena izatea eskatu dute langileen ordezkariek. Enpresako nagusiak lau hilabete gehiagoko ordaina emateko prest azaldu dira, baina ordainketa hori 30 hilabetetan zatituta ematekotan. Ordea, langileak baldintza hori ez dute onartu. Langileen ordezkarien arabera, negoziazioen nondik norakoak ikusita epaiketa astebetez atzeratzeko aukera eskaini die, baina langileek gaur bertan egiteko eskatu diote. Hala, arratsaldeko 15:00etan hasi da epaiketa. Epaiketan ere, «enpresarentzako Industria Plan serio bat» eskatu dute. Astelehenean beste epaiketa bat izango dute Corrugados Azpeitiakoek. Orduko hori, Donostian dute eta otsailean kaleratutako 100 langileren ingurukoa da. Enpresako nagusiek 60 langile kaleratzeaz gainera, 49 ordu gehiagoko urteko lanaldia eta soldaten %35 murrizketa ezarri nahi ditu Azpeitiko lantegian. Kaleratzeen eta murrizketen kontra ekainaren 15etik greban daude Corrugados Azpeitiako langileak. Taldeko beste batzuk greban Alfonso Gallardo Taldeak dituen beste enpresa batzuetako langileek ere grebari ekin diote ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra. Madrilgo Corrugados Getafeko langileak greban daude. Atzo, berriz, Extremadurako Jerez de los Caballeros herrian dagoen Alfonso Gallardo SA enpresako langileek mugagabeko greba hasi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide