Getariak lotuko ditu etzi Norbegia eta Nafarroako Bera. Musikaren bidez, eta gaztetxean. Ohi bezala, kontzertu bikoitza antolatu dute, eta talde bat eta bakarlari bat igoko dira oholtzara: Staer eta Joseba Irazoki.
Gauean izango da, 21:30etik aurrera. Norbegiako taldearen estiloa definitzerakoan, estilo horrela kokatu dute antolatzaileek: «Avant-garde noise jazz» delakoaren barruan. Hiru kidek osatzen dute taldea: Thore Warland (bateria), Markus Hagen (baxua) eta gitarra); hirurak dira gazteak, eta musikaren munduan gogotsu murgilduta daude. Stavanger hirikoak dira.
Azkenaldian Europan barrena dabiltza, 2012ko bira osatuz. Esaterako, urrian geratu gabe ari dira, batetik bestera: Alemanian ekin zioten urriko emanaldiei, handik Txekiar Errepublikara jo zuten, Hungariara eta Esloveniara gero, Suitzan sartu-irtena egin zuten, Katalunian eta Espainian ere ibili dira, eta atzo, Galizian ziren. Urrian, egunero dira kontzerturen bat ematekoak.
Urte oparoa da taldearentzat, aurreneko diskoa abuztuan plazaratu zutelako. Sei abestik osatzen dute bilduma, eta berrogei bat minutuko lana da. Bi urte lehenago ekin zion taldeak bideari, Norbegiako bertako leku batzuetan kontzertuak emanez. Nazioartera ere mugitu ziren, eta hasiera hark ekarri du orain diskoa. Bistan da kontzertuak emateko eskaintza oparoa izaten ari direla, eta horren adibide da, biharkoa, Getariakoa.
Gitarra, «obsesio»
Joseba Irazokik (Bera, 1974), «ez du aurkezpenik behar», gaztetxekoen iritziz. «Euskal Herriko gitar-(h)ero kuttunena da». Laster izango du disko berria kalean, hamahirugarren lana. Gitarra jotzen du, eta musika tresna horren artean bizi da. Izan ere, etxean hamabost bat dauzka pilatuta: klasikoak, akustikoak, eta batez ere, elektrikoak. Kontzertuetan, lauzpabost erabiltzen ditu.
Ibilbide luzea du, eta hainbat musikarirekin ibili da: Maixa eta Ixiar, Anje Duhalde, Xabier Montoia eta Pettirekin. Egun, Mikel Erentxunekin dabil, eta etzi bertan ekingo diote En privado emanaldi sortari; urtea amaitu bitartean iraungo du. Athon Rumba taldeko kide ere bada. Bihar, Getarian izango da gitarrarekin duen loturaz gozatzeko aukera.
Hamasei urte zituela eskuratu zuen lehenengo gitarra elektrikoa, eta orduan lotu ziren bata besteari: «Garai hartan hasi nintzen gitarra jotzeko tartea neure kasa hartzen. Ordutik ari naiz gitarra gustura jotzen, eta ez ez dakit zerk behartuta».
Hasierako bideari inguruko kantak kopiatzen ekin zion: «Euskal musikari lotuta geunden, eta lagunekin jarduten nuen kanten akordeak ateratzen». Gerora, gitarra jotzeko ikastaroa egiteko aukera izan zuen, Beran bertan, bere sorlekuan: «Fernan Irazokik musika denda ireki zuen. M-ak, eta Tapia eta Leturia Band taldeetan ibilitakoa da bera, eta haren bitartez, Batiz hasi zen klasek ematen Bortzirietako herrietan. Izena eman nuen aurrenetakoa izan nintzen».
Ikaragarri maite du gitarra Irazokik, eta «obsesio» bihurtu direla onartzen du: «Bilatu, probatu eta doinuak ateratzea ederra da. Bakoitzak du bere nortasuna».