Asteburuan jokatu dituzte Euskaltel Euskal Herriko Txapelketak, surf eta bodyboard mailetan, Bakion (Bizkaia). Eskualdeko surflari ugarik hartu dute parte proba horietan, eta askok sailkapen ona eskuratu ere. Bodyboarden, esaterako, 18 urtez azpiko mailan Jon Isasti zarauztarrak lehen postua eskuratu zuen, eta Unai Elustondo zumaiarrak bigarren egin zuen 16 urtez azpiko kategorian, ostiralean.
Surfari dagokionez, larunbatean egin zituzten txanda guztiak. Axi Muniain zarauztarra gailendu zen senior mailan. Longboard mailan, berriz, Mikel Uriogoitia eta Cristian Haro herrikideak hirugarren eta laugarren postua eskuratu zuten, hurrenez hurren. Alex Arestegieta zarauztarra eta Ibon Udabe getariarrak, berriz, bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Master kategorian. Open mailan ZSE Zarautz Surf Elkarteko Alex Iriondo eta June Erostarbe izan ziren txapeldunorde, gizonezko zein emakumezkoetan.
Bi metro bitarteko olatuak izan ziren, giroa ezinhobea eta ikuskizun ederrak eskaini zituzten parte-hartzaileek.