Xanjuandegiko I. Mendi Duatloia jokatuko da larunbatean

Nerea Uranga 2012ko urriaren 16a

Xanjuandegiko Festa Batzordeak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, Xanjuandegiko I. Mendi Duatloia antolatu du, eta larunbatean jokatuko da, arratsaldeko lauretan hasita.  Proba berri hori, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoaren baitako lehiaketa bat izango dela azaldu dute antolatzaileek. Sanjuandegiko kirol proban parte hartzeko izena emateko aukera ireki dute. Internetez eman behar da izena www.mendiduatloia.com webgunean. Izena emateko aukera ostiral iluntzera arte edukiko dute zabalik eta parte-hartzaile bakoitzak 16 euro ordaindu beharko ditu. 200 laguneko partaidetza muga jarri dute, eta hori beteko ez balitz lasterketaren egunean bertan izena emateko aukera jarriko dute antolatzaileek. Parte-hartzaile guztientzako hainbat produkturekin osatutako poltsak banatuko dituzte eta gainera partaideek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Probaren bukaeran parte-hartzaileentzak modakua egiteko aukera ere izango dute Sanjuandegin. Korrika, bizikletan eta korrika Larunbatean, probaren egunean, 14:45ean boxesak irekiko dituzte eta 16:00etan hasiko da lasterketa. Aurrena, lasterketa 5 kilometroko ibilbidea egin beharko da; segidan, mendi bizikletaz 15 kilometro; eta, bukatzeko, berriro korrika, 3,5 kilometro egin behar dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea polita da eta «ez oso teknikoa». Lasterketa «nahiko herrikoia» antolatu dutela ere adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide