Gizonezko bat hil da Zumaian, trenak harrapatuta

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 16a

Ezbeharra gertatu da Zumaian, Puntanueta inguruan. Zumaiatik Arroa Behera zihoan Euskotreneko tren batek gizonezko bat harrapatu du. Iñaki Azkue, 78 urteko zumaiarra da istripuaren ondorioz hil dena. Puntanuetako bizilagunek adierazi dutenez, «egunero egiten zuen trenbidean barrena ibilbidea, handik gertu baitzuen baratza». Eguneroko ibilbidea 07:30ak inguruan, goizero bezala, Iñaki Azkuek autoa Pasoko etxearen parean aparkatuta utzi, eta handik gertu zuen baratzera abiatu da. Zendua ezagutzen zuten bizilagunek Urola Kostako Hitza-ri azaldu diotenez, egunero egiten zuen Azkuek ibilbide bera. «Baratzerako gurdi bidea badago ere, autoz ezin da bertara iritsi, bidea oso estua delako. Horregatik, autoa Pasoko etxearen parean, aldapan aparkatuta utzi, eta trenbidean barrena joaten zen Azkue egunero-egunero». Puntanueta paretik bi trenbide igarotzen dira, eta horietako bat erabiltzen ez denez, hortik barrena joaten zen zumaiarra baratzera, antza denez. Trenbidetik kanpora Euskotrenetik eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik jakinarazi dutenez, ezbeharra 07:30ak inguruan gertatu da. Donostia-Bilbo ibilbidea egiten duen trenak Zumaiatik Arroara bidean trenbidean barrena oinez zihoan Iñaki Azkue zumaiarra alboan kolpatu du, eta inpaktuak trenbidetik kanpora bota du. Gertatutakoaz ohartu bezain azkar, tren gidariak makina geratu, eta ezbeharraren berri eman duela jakinarazi dute. Hortik gutxira bertaratu da Osakidetzako larrialdietarako anbulantzia istripua gertatu den gunera. Bizilagunek azaldu dutenez, mendiko bidetik bertara iristea zaila denez, Zumaiako saihesbidean utzi dute anbulantzia, eta oinez joan dira gorpua zegoen gunera. Erizain eta medikuak bertara iritsi zirenean, ezin izan dute ezer egin, ordurako hilik baitzegoen zumaiarra. 09:30ak inguruan, polizia izapideak egin ondoren, Donostiako Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundera eraman dute zumaiarraren gorpua, eta bertan egingo diote autopsia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide