Jon Ibarguren: "Halako emaitzak lortzeko konstantzia izan, eta gaia serio hartu behar da"

Ane Olaizola 2012ko urriaren 16a

Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatu zen hogeita hamaseigarren aldiz igande gauean, eta azpeitiarrak maila onean daudela erakutsi zuten beste behin ere; Jon Ibarguren eta Idoia Besada Azpeitiko bikoteak bigarren urtez jarraian irabazi du txapelekta; 122 puntu eskuratuta, bikoteak txapela eta lepokoa eta Nestor Basterretxearen eskultura jaso dute. Halaber, bigarren postua ere Azpeitiara joan da; Amets Amubieta eta Maialen Aldalurrek jaso dute saria, lehenengoengandik sei puntutara geratu ostean. Estreinaldi ezin hobea egin dute Amubietak eta Aldalurrek, lehenengo aldia izan baita nagusien mailako txapelketan lehiatu direla. Hala, Guillermo Areizaga Saria ere jaso dute horiek, estreineko aldiz parte hartu dutenen artean ongien sailkatu direlako. Jon Ibarguren gustura da egindako lanarekin, eta hereneguneko saioan «sentsazio onarekin» geratu zen bikotea; «presio puntu bat genuen txapelketa hasi aurretik, aurreko urtean ere irabazi egin baikenuen, eta bagenekien taula gainean guztia eman beharko genuela». Aurreikuspenak, ordea, gainditu egin dituzte dantzariek, eta txapelketa irabazteko zuten esperantza ere bete egin da. Izan ere, denboraldi oso ona egin dute azpeitiarrak eta pasaiarrak, eta Euskal Herriko txapelketa irabazteko indarra eman die horrek; bikoteak Gipuzkoan egin diren txapelketa guztiak irabazi dituzte, eta Gipuzkoako eta Arabako Dantza Txapelketetan ere garaile izan dira. Besada eta Ibarguren azken hiru urtetan dabiltza elkarrekin dantzan, eta bikote «sendoa» direla erakutsi dute beste behin; Ibargurenen ustez, dantzan aritzeko «konstantzia» beharrezkoa da, eta biek «konpromiso maila altua» dute jarduera horrekiko; «Halako emaitzak lortu nahi badira, gaia serio hartu behar da, eta biok adostu dugu gure lehentasuna dantza dela, eta hori oso garrantzitsua da». Sari nagusia ez ezik, dantzariek Dantza Jantzien Saria ere irabazi dute bigarrenez; «detaile asko hartu behar ditu kontutan dantzariak. Jantziak garai batekoak bezalakoak izan behar du, tradizioa mantendu dezan». Azpeitiarren debuta Txapelketan hamabi bikotek hartu zuten parte, eta bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatu zuten. Azpeitiko bi bikote horiez gain, Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga herrikideak ere lehiatu ziren Seguran. Horiek ere debuta izan zuten nagusien mailan, eta seigarren postua lortu zuten, 100,50 puntukin. Txapelketako irabazlearen arabera, «indartsu datoz» bi bikote gazteak ere. «Oso denboraldi onak egin dituzte, eta nagusien mailan presio puntua eta ohitura falta izan bazuten ere, oso txukun ikusi nituen». Dantzariek Segurako txapelketarekin amaitu dute aurtengo denboraldia. Maiatzera bitartean ez dute txapelketarik izango, eta Ibarguren martxotik aurrera hasiko da entseguak egiten, Azkoitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide