Hirugarren geratu da Heldu! Taldekako Gipuzkoako Giza Proba Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 15a

Orioko Heldu! taldeak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du Taldekako Gipuzkoako Giza Proba Txapelketan. Zizurkilgo probalekuan jokatu zuten norgehiagoka atzo arratsaldean, eta Berrobiko taldeak jantzi zuen txapela; 81 plaza, 8 zinta eta 2,35 metro egin zituzten. Lau talde lehiatu ziren: Berrobi, Heldu!, Aiztondo eta Urretxu. Bi taldeko bi txandatan aritu ziren lanean, 950 kiloko harriari tiraka. Lehenengoan txapeldunak eta txapeldunordeak izan ziren aurrez aurre. Lanean jardun duten ordu erdian ez zuen euririk egin, eta trabarik gabe egin zuten lana, zola bustia egon arren. Bigarren txandan, berriz, iazko txapeldunak eta txapeldunordeak jardun zuten; hots, Heldu!-k Eta Aiztondok. Euria egin zuen txanda horretan, eta zikindu eta lokaztu egin zen zola hein handi batean. Ondorioz, gehiago kosta zitzaien harria mugiaraztea, eta hirugarren eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Orio heldu!-k 11, 200 kiloko gainzama erabili zuen, eta gainerako hiru taldeek gainzamarik gabe aritu ziren.   Urretxuk 81 plaza, 4 zinta eta 0,63 metro egin zituen, Heldu!-k 79 plaza, 3 zinta eta 2,82 metro, eta Aiztondok 73 plaza, 4 zinta eta 0,68 metro.          

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide