Azpeitian, Pablo VI.a auzotik Garate Anaia auzora igogailua jarriko du Udalak

Nerea Uranga 2012ko urriaren 12a

Ildefonso Gurrutxaga kalea eta Pablo VI.a auzoaren bitartetik Garate Anaia auzora igotzeko igogailua jarriko du Azpeitiko Udalak, Denon Artean ekimenaren baitako bileretan bizilagunek egindako eskaerari erantzuna emanez. Igogailua, aurrez aipatutako bi kaleen artean dauden eskaileren ondoan eraikiko dute, "hala, inguru horrek jasaten dituen hainbat arazori irtenbidea" eman nahi dio Udalak, "batetik, oinezkoentzako irisgarritasuna hobetuko da, eta inguru horretako aparkalekuen arazoari irtenbidea eman nahi zaio". IMARA Ingeniaritza enpresak egin du proiektua eta datorren astean Udalak hainbat enprestara banatuko du. Lanak nork egingo dituen erabakia bi aste barru hartzea espero du Udalak. Igogailu berriaren lanak datorren urteko udaberrirako bukatuta egotea espero dute, eta kostua 220.000 eta 260.000 euro artekoa izango dela aurreikusita dute. Udalak jakinarazi duenez, igogailu berri honen lanak egin ahal izateko ONCE-ren 100.000 euroko diru laguntza eskuratu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide