Ezker Anitza ez da Zarauzko Udal Gobernuko kide izango, herri kudeaketan alderdiak eta Bilduk ideia politiko ezberdinak dituztelako. Atzo Aralarrek—egun Ezker Anitzarekin koalizioa osatzen du– eta Bilduk gobernu ituna sinatu zutela egin zuten publiko, ezkerreko politikak helburu eta eraldaketa oinarri dutela nabarmenduz. Ezker Anitzak, ordea, ez du bat egin erabaki horrekin. “Hainbat arrazoigatik ez da logikoa ezta koherentea ere Ezker Anitzak Udal Gobernua osatzea”, adierazi dute alderditik: “Ezker Anitzak ez du bat egingo independentziaren fusio prozesu horrekin. Erabaki hori udal zein foru hauteskundeetarako aurkeztu genuen programarekin dago zuzenki lotuta”. Jakinarazi duenez, alderdia 2011ko uztailean hasi zen Bildurekin negotziatzen, eta hilabetez harremanetan egon ostean, Bilduk programa zehazteko “denbora gehiago” behar zuela erantzun zion. 2012ko apirilean eta maiatzean oraindik programa zehazteke zuela gogoratu du Ezker Anitzak. “Bilduk urte eta erdi darama gobernuan, legegintzaldiaren ia erdia. Dagoeneko funtzionatzeko modu egonkorra du, eta hori ez dela aldatuko uste dugu”, azaldu du.
Bilduk eta Ezker anitzak “ezberdintasun politikoak” dituztela dio, batez ere, herri kudeaketari dagozkien alor garrantzitsuenetan. TAO sistema, etxebizitza politika, azpiegitura kulturalen falta, nazioarteko lankidetza eta komunikazio politikak jarri dituzte adibide gisa. Horrez gain, Bilduk udala kudeatzeko duen moduarekin desados agertu da; oposizioarekin akordio eta elkarrizketa falta dagoela nabarmendu du, esaterako. “Hori dela eta, erabaki koherenteena oposiziotik lanean jarraitzea da. Mariana Aranburuk modu eraikitzailean jarraituko du lanean, koalizioko programa oinarritzat hartuta, eta programa horrekin bat datozen gaien inguruan akordiotara iristen”.
Aralarren erabakia
Bildurekin Udal Gobernu ituna sinatu izana Aralarrek azken urtean hartu dituen erabakiekin “hertsiki” lotuta dagoela dio Ezker Anitzak: “Lehenbizi Espainiako Hauteskunde Orokorretarako Amaiurrekin bat egin zuen eta orain EH Bildurekin elkartu da Eusko Legebitzarrerako bozetarako. Hori dela eta, Aralarren helburua etorkizunera begira ezker abertzaleko formazio politiko hori osatzea dela uste dugu”.
“Oraingoz eta kontrakorik ezean” Aralarrekin koalizioan jarraituko du Ezker Anitzak Zarautzen.