Foro-sozioekonomikoa sortu du Urola Kostako Udal Elkarteak, lana sustatzeko

Getariako Hitza 2012ko urriaren 11

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdean enplegua sustatzeko ahalegina «biderkatuko» du, eta ildo horretan enpresa, langabetu eta bestelako erakundeekin plan bat diseinatzeko ardura hartu du. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako ordezkariek eta udal elkarteko arduradunek eskualde osorako foro sozio-ekonomiko bat sortu dute Lanbideren laguntzarekin. Euskal Herriko egungo egoera zailaz eta gordinaz jabetzen dira Urola Kostako Udal Elkarteko arduradunak eta herrietako ordezkariak. «Egoera zaila inguruan pertsonalki eta lan egiten dugun erakundeetan nabaritzen ari gara. Enpresak ixten ari dira, eta langabezia tasa igotzen ari da; egoera ez da erraza. Horrek ondorio sozial nabarmenak dakartza herrietara eta udaletara. Herritarrak bizitzen ari direnaren jakitun, eskualdeko erakundeek elkarrekin eta norabide berean jardun behar dugula uste dugu», azaldu zuen atzo foro sozio-ekonomikoaren aurkezpenean udal elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak. «Langabeziak ez du herria ekonomikoki bakarrik pobretzen. Gure ongizatea kaltetzen du, herri izaeran eragiten du, herriak eta eskualdeak ahultzen ditu, eta elkarbizitza egoki bat oztopatzen digu guztioi», gehitu zuen. Irtenbidea, hiru urratsetan Egoera «larri» horri aurre egiteko, epe laburrera, ertainera eta luzera begira enplegua sortzeko ekintza plana diseinatuko du udal elkarteak. «Horretarako hiru urrats aurreikusi ditugu hurrengo hilabeteetan aurrera eramateko». Alde batetik, eskualdeko merkatuaren eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egingo dute, egoeraren deskribapen zehatza izateko. Bestetik, enplegua sortzeko [...]

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdean enplegua sustatzeko ahalegina «biderkatuko» du, eta ildo horretan enpresa, langabetu eta bestelako erakundeekin plan bat diseinatzeko ardura hartu du.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako ordezkariek eta udal elkarteko arduradunek eskualde osorako foro sozio-ekonomiko bat sortu dute Lanbideren laguntzarekin.
Euskal Herriko egungo egoera zailaz eta gordinaz jabetzen dira Urola Kostako Udal Elkarteko arduradunak eta herrietako ordezkariak. «Egoera zaila inguruan pertsonalki eta lan egiten dugun erakundeetan nabaritzen ari gara. Enpresak ixten ari dira, eta langabezia tasa igotzen ari da; egoera ez da erraza. Horrek ondorio sozial nabarmenak dakartza herrietara eta udaletara. Herritarrak bizitzen ari direnaren jakitun, eskualdeko erakundeek elkarrekin eta norabide berean jardun behar dugula uste dugu», azaldu zuen atzo foro sozio-ekonomikoaren aurkezpenean udal elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak. «Langabeziak ez du herria ekonomikoki bakarrik pobretzen. Gure ongizatea kaltetzen du, herri izaeran eragiten du, herriak eta eskualdeak ahultzen ditu, eta elkarbizitza egoki bat oztopatzen digu guztioi», gehitu zuen.
Irtenbidea, hiru urratsetan
Egoera «larri» horri aurre egiteko, epe laburrera, ertainera eta luzera begira enplegua sortzeko ekintza plana diseinatuko du udal elkarteak. «Horretarako hiru urrats aurreikusi ditugu hurrengo hilabeteetan aurrera eramateko».
Alde batetik, eskualdeko merkatuaren eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egingo dute, egoeraren deskribapen zehatza izateko. Bestetik, enplegua sortzeko bidean askotariko proposamenak aztertuko dituzte foro sozio-ekonomikoarekin eta agente ekonomiko anitzekin. Horretaz gain, ekintza planean garatu beharreko proiektu zehatzak ere aurkeztuko dituzte.
Udal Elkarteko arduradunek eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako arduradunek «hitzak albo batera utzi, eta ekintzetara pasa, eta irtenbideak aurkitzeko garaia» dela uste dute. «Elkartasunez, borondatez eta elkarren artean lagunduz helduko gara konponbidera. Guri herritarrekin egotea, enpresa eta sindikatuekin elkarlanean aritzea, eta langabetuei alternatibak ematea dagokigu, eta horretarako lehen bilera astelehenean bertan egin genuen» azaldu zuen Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak.
Urola Erdiko plana, esleituta
Urola Erdiako Enplegu Plana, berriz, Loiola Berrikuntza Fundazioak eramango du aurrera. Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udalek erakundeari esleitu diote proiektua. «Fundazioa plana egokitasunez egiteko berme ezinhobea da, eta konfiantza osoa dugu bertako lan gaitasunean», adierazi dute erakundeek. Izan ere, horien esanetan, Loiola Berrikuntzak eskualdeko ekonomiaren inguruko «ezagutza sakona» du, eta azken urteetan, «berrikuntza eta ekonomia sare estrategikoa indartzeko lan egin du». Horiek izan dira udalek kontutan hartu dituzten irizpideak erabakia hartzerako orduan.
Udalek joan zen hilean aurkeztu zuten proiektuak eskualdeko lanpostuak sustatzea du helburu. Hala, hiru ardatz izango ditu enplegu planak; lehenengo eskualdeko merkatuaren eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egingo dute, eta behin hori egindakoan helburuak eta estrategiak zehaztuko dituzte. Hala, ekintzak gauzatzeko proiektu zehatzak finkatuko dituzte azkenik. Hau guztia aurrera eramateko, parte hartze foroa zabaldu dute udalek, eta, beraz, eskualdeko enpresek, eragileek eta administazioek egitasmoan parte hartuko dute, euren ekarpenak eta iritziak plazaratuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide