Elkarte gastronomikoen arteko II. mus txapelketa abiatu dute Azpeitian

Nerea Uranga 2012ko urriaren 11

Bigarren aldiz Azpeitiko Kultur Mahaiak herriko elkarte gastronomikoen arteko mus txapelketa antolatu du, «soziedadeen onespenarekin». Karta joko lehiaketak, ondo pasatzeaz gainera, bi helburu ditu Kultur Mahaikoen esanetan. Batetik, soziedadeen arteko hartu-emana sustatzea, eta, bestetik, Kultur Mahaiari diruz laguntzea. Orotara 32 soziedade deitu dituzte mus txapelketan parte hartzera; tartean, Kultur Mahaiko bazkideen elkartea bera. Iaz, ere 32 elkarte deitu zituzten txapelketara, eta 28 soziedadek hartu zuten parte, denera 143 bikotek. Iazko bikote txapelduna Ilunpe elkarteko Markos Villanueva eta Aitor Priya izan ziren. Elkarteen arteko lehen mus txapelketak izandako harrera ona kontuan hartuta, bigarrena egitea erabaki zuten Kultur Mahaikoek, eta soziedadeetako ordezkariek joan den otsailean egindako bilkuran. «Ziur gaude urtetik urtera gorpuztu egingo den ekimena dela», adierazi dute Kultur Mahaiko ordezkariek. Bi fase ditu txapelketak Aurreko aldian bezalaxe, bigarren honetan ere, bi fase izango ditu txapelketak. Aurrenekoa atariko fasea da eta soziedade bakoitzean jokatuko dute, soziedade bertako bazkideen artean. Bigarrengo fasea finala izango da, eta hau lehen faseko txapelketa bakoitzeko bi bikote finalistak jokatuko dute; hau da, soziedade bakoitzetik lau lagunek. Finaleko txapelketa abenduaren 1ean jokatuko dute, 15:30ean hasita Sanagustin kulturgunean. Irabazleek 1.000 euro eta txapel bana jasoko dute; bigarren egiten dutenek 500 euro; eta, hirugarren bikoteak otarra bana. Txapelketan parte hartzeko bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Eta, soziedade bakoitzean txapelketa noiz jokatuko den eta izena emateko epea, soziedade bakoitzak erabakiko du. Hala ere, abenduaren 1a baino lehen jokatuko beharko dute soziedadeko txapelketa. Kultur Mahaiko bazkideen arteko txapelketa azaroaren 15ean jokatuko da, 21:00etan, Sanagustinen. Parte hartu nahi duten bazkideek izena Sanagustinen eman dezakete edota azpeitikokulturmahaia@gmail.com helbidera idatzita. Txapelketa jokatuko den egunean ere, aurretik azalduta, izena emateko aukera egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide