Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean (urriak 14) hamabi bikotek Euskal Herriko XXXVI. Dantza Txapelketa jokatuko dute Seguran. Hiru bikote Azpeitikoak izango dira: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, eta Jon Ibarguren eta Idoia Besada. Gaur aurkeztu dute txapelketa ETBko Donostiako Miramongo egoitzan, Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Eluska Gerriko Segurako alkateak, Xabier Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko presidenteak eta Andoni Salas ETBko produktoreak.
Segurako txapelketan hamabi bikote ariko dira, eta bikote bakoitzak txistuz fandangoa eta trikitiaz arin-arina dantzatu beharko dute. Txistua jotzen Ixilkara elkartekoak ariko dira eta trikitia jotzen Joseba Iparragirre eta Ander San Jose. Dantzen epai-mahaia osatuko dutenak dira: Gabriel Alonso, Izaskun Iturri, Jone Idiazabal, Karlos Sarriegi eta Xabier Mendizabal. Jantzien epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares.
Gipuzkoar dantzariak dira txapelketa jokatuko duten gehienak, zortzi hain justu; gainontzeko lauak bizkaitarrak dira. Gipuzkoan euskal dantzaren alorrean egiten den lana azpimarratu du Lopez de Etxezarreta, Aldundiko Kultura zuzendariak, "Gipuzkoan 60 dantza talde baino gehiago ditugu, ia herri guztietan dago dantza talde bat, eta ia herri guztietan dugu euskal dantza ikasteko aukera". Gipuzkoako dantza talde eta eskola desberdinetan 5.000 pertsonatik gora dabilela esan dute.
Euskal Herriko XXVI. Dantza Txapelketa eitb.com webgunean zuzenean ikusteko aukera egongo da. Eta, igandean bertan, 21:45ean emango dute ETB-1en.