Bi premisa nagusitan oinarrituta abiatu du Auzokonpostatzea Urola Kostan ekimena Konpostari elkarteak: batetik, hondakinak jatorrian bereiztea guztion ongizaterako da, eta bestetik, hondakin organikoa, zabortegira bideratuz gero, ongarri bilaka daitekeen lehengaia da. Ekimenaren helburua hondakin organikoa sorlekuan tratatzea—jatorritik ahalik eta gertuen ongarri bilakatuz— eta zaborra murriztea da. Antolatzaileen arabera, Auzokonpostatzea Urola Kostan ekimenaren bitartez, «inguruko zein urruneko hainbat herritan ohikoa den konpostatze komunitarioaren esperientzia» ekarriko da eskualdera. Konpostatzea herriguneetan egiteko asmoa dute. Hala, zelai partikularrik ez duten bizilagunei auzoko berdegune publikoetan konposta egiteko aukera eskainiko zaie. Modu horretan, herritarrek «hondakinen zati esanguratsuenaren zikloa ixteko esperientzia» bertatik bertara ezagutuko dute, prozesuan zuzenean parte hartuz, besteak beste, guneak non eta nola egin erabakiz eta konpostonzia mantenuz. Eta bide batez, udalek hondakinak garraiatzeak eta tratatzeak dakarren kostua aurreztuko dute. Parte hartze prozesua Proiektuan parte hartu nahi dutenek 616-226050 telefono zenbakira deitu edota auzokonposta@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Zerrendak osatzen joan ahala egingo dituzte bilerak, interesa dutenen iritzia ezagutu eta xehetasunak finkatzeko, konpostgunearen kokapena, diseinua, eraikitze eta funtzionamendua, besteak beste. Informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek auzokonposta.wordpress.com webgunea bisita dezakete. Ekimen horrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte Hartze sailaren eta eskualdeko udalen babesa du.
