Oteizaren Ametzagaina hilerriaren proiektua jorratuko dute San Telmo Museoan

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 9a

Gaurtik azaroaren 11 bitartean Donostiako San Telmo Museoak Oteiza eta monumentalitate berria. Izarrak Alde, Donostiarako hilerri bat izeneko zikloa hartuko du. Bertan Jorge Oteiza eskultore oriotarraren Ametzagaina hilerriaren proiektua jorratuko dute jarduera desberdinen bidez. Alde batetik, proiektuaren inguruko dokumentazioa, marrazkiak eta beste hainbat arte euskarri biltzen dituen erakusketa izango da ikusgai musoan. Bestetik, gaiaren inguruko jardunaldi batzuk egingo dira urrian zehar; astean behin hitzaldi bat emango dute. Horretaz gain, hilaren 17an, Oteiza eta arteen sintesia. Estetika baten eraikuntza mintegia egingo da, unibertsitateko ikasleei zuzendua. Jarduera guztietarako sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute San Telmo Museotik. Inoiz errealitate bihurtu ez zen proiektua 1985ean Donostiako Udalak Ametzagaina eremuan hilerri bat egiteko lehiaketa publikoa atera zuen eta Jorge Oteiza eskultoreak hainbat arkitektorekin batera Ametzagaina proiektua aurkeztu zuen lehiaketa horretara. Oteizaren proiektua ez zen lehiaketako irabazlea izan, baina lehen postua lortu zuen proiektua ere ez zen inoiz errealitate bihurtu, Ana Arnaiz arkitektoaren esanetan, "Donostiako hiritartze planak eta hiriak izan duen bilakaerak oztopatu egin zutelako".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide