Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde zerrendetan eskualdeko 12 herritar daude

Onintza Lete Arrieta 2012ko urr. 9a, 10:16

Hauteskundeak bereziak izaten dira beti: zerbait aldatu nahi delako; zerbaiti eutsi nahi zaiolako; zerbait aldarrikatu... Arrazoiak aurkitzea ez dute zail izaten alderdiek herritarrak botoa ematera bultzatzeko. Oraingoek ere badute berezitik. Eta ez alderdiek esaten dutelako bakarrik. Urriaren 21ean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan izango da berriz ezker abertzalea, eta horrek egungo Legebiltzarraren irudia sakon aldatuko du. Koloreak desberdin geldituko dira, kolore guztiek hartuko baitute parte. Ez da hori izango berezitasun bakarra, ordea. Izan ere, lehenengo aldiz ETAren mehatxutik urrun sentituko dira hautagai asko bai kanpainan zehar, bai urriaren 21ean, bai haren ondorenean. Gaur egun zazpi talde parlamentario daude Eusko Legebiltzarrean: EAJk 30 eserleku ditu; PSE-EEk 25; PPk 13; Aralarrek 4; EAk 1; EBk 1; eta UPyDk 1. 75 legebiltzarkide dira, guztira. Ezker abertzaleak ez du tokirik izan, legez kanpo utzi zutelako. Urriaren 21ean, berriz, eserlekuek bestelako itxura izango dute. EH Bilduren barruan egongo dira Bildu osatzen duten alderdiak (ezker abertzalea, EA eta Alternatiba), eta horietaz gain baita Aralar alderdia ere. Lehen inkesten arabera, EAJk lortuko luke eserleku gehien (26-27), eta EH Bildu litzateke bigarren indarra (21-22). PSE-EE (14) eta PP (9-11) urrun geldituko liratezke. Eskualdeari dagokionez, alderdiek asteburuan hasi zituzten botoak biltzeko ekitaldiak. EAJk eta EH Bilduk aurreikusi dituzte ekimen gehien, eta horien berri emango da egunkari honetan. Alderdi nagusienetako eskualdeko hautagaiak ere elkarrizketatuko ditu HITZA-k. Hala, bihar Maria Eugenia Arrizabalaga jeltzalearen elkarrizketa irakurtzeko aukera izango da. Eskualdeko 12 hautagai Arrizabalagaz gain, beste hainbat hautagai aurki daitezke alderdien Gipuzkoako zerrendetan. EAJ da zerrendaren hasiera aldean eskualdeko hautagai gehien duena. Izan ere, hirugarren postuan Arrizabalaga zumaiarra ageri da, eta laugarren postuan Alex Etxeberria azpeitiarra dago. Eskualdeko hirugarren pertsona atzealdean dago: Imanol Lasa zarauztarra hemeretzigarren postuan ageri da. Politikari perfila dute hirurek: Arrizabalaga Zumaiako alkate ohia da, EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko kidea, eta legebiltzarkidea. Zuzenbidean lizentziatua da. Etxeberria Azpeitiko EAJko lehendakaria izana da, eta EAJren batzar nazionaleko Gipuzkoako ordezkaria da. Informatikan lizentziatua da. Azkenik, Imanol Lasa Zarauzko alkateordea izan zen aurreko agintaldian, eta egun EAJko zinegotzia da. Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua da. EH Bildu alderdiko zerrendan eskualdeko bi hautagai daude, zerrendaren behealdean: Jose Luis Otamendi Oto azpeitiarra hamabigarren postuan dago, eta Iñaki Ostolaza zumaiarra, berriz, hamaseigarren tokian. Irakaslea eta idazlea da Otamendi, eta Ostolaza, berriz, enpresaria. Bilduko zinegotzia ere bada Zumaiako Udalean, eta EAko Gipuzkoako Koordinadorea da. PSE-EEren zerrendan ere eskualdekoak erdialdetik atzera aurki daitezke: hamahirugarren tokian Patxi Elola zarauztarra dago; hamazazpigarrenean Ana Priede; eta azken postuan, Jesus Egiguren. Elola Zarauzko Udaleko zinegotzia da, eta lorezaina da lanbidez. Priede oriotarra da. 2002an ETAk hil zuen bere aita, Juan Priede: alderdi horretako zinegotzia zen Orioko udalean. Azkenik, Egiguren aizarnarra legebiltzarkidea izan da azken 30 urteetan, baina azken postuan doanez, ez du eserlekurik lortuko PSE-EEko lehendakariak. Ezker Batua-Ezker Anitzaren kasuan, eskualdeko hautagai bakarra zerrendan hirugarren tokian dago: Mariana Aranburu zarauztarra da. Zarauzko Udalean zinegotzia da. PP alderdian ere eskualdeko bakarra dago, azken postuan: Maria Pilar Elias azkoitiarra. Udalean zinegotzi izana da. Alderdi txikienetan ere badaude eskualdeko hautagaiak. Esaterako, Bidezko Mundurantz  alderdian laugarren postuan ageri da Markel Mendizabal azpeitiarra. Animaliekiko Tratu Txarren Kontrako Alderdi Animalista alderdian ere badago eskualdekorik: seigarren postuan ageri da, esaterako, Joseba Arrieta zarauztarra. Hauteskundeei buruzko informazio gehiago bildu nahi izanez gero, klikatu hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide