Bihar Nazioarteko Hegaztien Eguna da, eta Arkamurka Natur Elkarteko kideek Getariako San Anton lurmuturrera irteera antolatu dute, itsas hegaztiak behatzeko. Jakinarazi dutenez, egunotan Europa iparraldetik hegoaldera migratzen ari diren hegaztiak ikusteko “aukera paregabea” izango da bertan: “Gure kostaldean antxoa txiki eta sardina ugari dagoela aprobetxatuz, milaka zanga eta gabai elkartzen dira gune horretan. Ea zorte pixka batekin ikusten ditugun”.
Horretarako, teleskopioak eta hegaztien gidak utziko zaizkie bertaratzen direnei; prismatikoak eramatea gomendatu dute, hala ere. 08:30ean elkartuko dira parte-hartzaileak elkartearen (Santa Marina, 1) atarian, eta irteerak hiru bat ordu iraungo du, eguerdira arte.