“Lehenagokoek utzitako arazoak konpontzen” dihardu ezker abertzaleak: “Bagenekien azken urtetan, apartheid-a babesten zuen eta herritarren bozei bzikarra emanaz sortutako gobernu hark galbidera eramango zuela herri hau. Orain, ezker abartzaleak, Bilduren baitan dauden beste eragileekin batera, orduko arazoak konpontzeko lana hartu du bere gain”.
Jakinarazi duenez, Bilduk 23 milioiko zorra jaso zuen aurreko gobernutik herentzian. “Udalaren batazbesteko urteroko aurrekontua 28 milioikoa dela jakinda, egoera ekonomiko larria zela esatea motz geratzea zen inondik inora”. Aurretiaz jasotako hainbat gastu eten eta aurrekontu berriak egiteko ardura hartu du, “Bilduk Zarautzen azken urtetan beste inork erakutsi ez duen kudeaketa gaitasuna frogatuz”.
Bildu “gauzak beste modu batera egin zitezkeenaren aldarriarekin” sartu zen udalera: “Beste modu batera egin daitezke gauzak, bai: ongi egin daitezke. Herritarren dirurik xahutu gabe, alferrik zorpetu gabe eta aurrekontuak ondo diseinatuz, ez buru eta ez hankarik ez duen ameskerietan erori gabe. Arduraz jokatuko genuela esan genuen eta hala egin dugu”.
Handinahikeria eta faraoikeria
Horren harira, aurreko gobernuaren irudi “larriena” polikulturalarena izan dela adierazi du: “EAJren ameskeriei men eginda, bi legegintzalditan Udal Gobernua handikeriaren gurpil zoroan murgildu zen, herritarren eta herri honen kultur beharrei kasurik egin gabe”. “Handinahikeria eta faraoikeria”, polikulturalak beste hitzik ez zuela nabarmendu du ezker abertzaleak: “Ez zekiten zertarako erabili, bainam kontua handia izatea zen, garestia, munduko arkitektu handienek eginda. Hori herritarrentzat izango al zen? Eta nork ordainduko zuen?”. Garrantzitsuena “egitea” zela dio, eta “horren kontura bidaiak egin eta dirua xahutzea”. Hori dela eta, herriko azpiegiturak “baztertu” egin zituzten, eta berriaren asmotan “milaka euro xahutu”.Ezker abertzaleak “hastapenetatik” proiektuaren aurkako argudioak plazaratu zituen, eta denborak “arrazoia” eman diola esan du: “Diru xahutze larria izango zen polikulturala eta ez zituen beharrak asetuko. Bitartean, herritar guztioi 1,2 milioi euro kostatu zaigu, eta gehiago ez, kontratuak etetea negoziatu delako”. Bilduk polikulturalaren bi kontratu etenda diru xahutze hori eten duela ohartarazi du, hala.