Pirmin Trekuren (Fermin Aldabaldetreku, 1930-2006) heriotzaren seigarren urteurrenaren harira, Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak Pirmin Treku. Bizitza bat dantzan erakusketa antolatu du, haren bizitzako eta ibilbide profesionaleko hainbat argazki bilduz. Hori aprobetxatuz, Pirmin Treku gogoan bideo emanaldia izango da museoan bihar, eta ondoren solasaldia, Xabier Etxabek gidatuta. 19:00etan jarri dute hitzordua.
Bideo hori ez da berria, ordea. 2007ko uztailean, Treku hil eta urtebetera, eman zuten lehenbiziko aldiz Kafe Torerok museoan bertan antolatu zuen omenaldian. Hogei bat minututan, maisuaren bizitzaren inguruko xehetasunak kontatzen ziren. Horrekin batera, Xabier Auzmendi «bere biografoak» eta Gabotako dantza irakasleek hartu zuten parte ekitaldian, besteak beste.
2008an, kultur egitasmo horren baitan berriz ere, beste ekitaldi bat egin zuten, zeinetan bideo hori erakutsi zuten bigarrenez. Bideo hori, ordea, ez zen aurrekoa bezalakoa; 2007an egindako omenaldiko irudiak gehitu zizkioten. Hala, ordubete inguruko DVDa osatu zuten.
Bihar lan horren lehenengo 30 minutuak eskainiko dituzte eta ondoren Etxabek Trekurekin izandako harremana izango du hizpide, besteak beste. Hainbat elkarrizketa egin zion Etxabek dantzariari, eta 2001ean Porton (Portugal) ere izan zen, hari egindako omenaldi batean. Trekuk lesio bat izan ostean Portugalgo hiri horretan izan zuen dantza akademia, 40 bat urtean. Bertan berekin izandako esperientzia azalduko du, beraz, bihar: «Porton egindako omenaldian izan ginen Iratzarriko lau kide, bi dantzari eta bi txistulari. Trekuk berak Euskal Herriko dantzak gehitu nahi izan zizkion ekitaldiari, eta bertan izan ginen, agurra eta beste hainbat dantza eskaintzeko. Handik dator berekiko harremana».
Elkarrizketa abiapuntu
2001ean Porton ezagutu bazuen ere, Londresko Royal Balleteko dantzari nagusi ohia 2003an Zarautzera bizitzera itzuli zenean, indartu zen bi dantzarien arteko harremana. Orduan egin zion Zarauzko Txaparro
herri aldizkarirako elkarrizketa (http://www.dantzan.com/edukiak/pirmin-trekuri/pirmin-treku-urteak-pasa-ahala-herrimina-areagotzen-ari-zait).
Iratzarri dantza taldeko kideak azaldu duenez, Trekuk Euskal Herritik kanpo egin zuen ibilbidea: «Oso dantzari ona izan zen, baina agian hemen ez du izan hainbesteko oihartzuna». 30 urtean jardun zuen dantzan eta ballet klasikoaren gailurrera iritsi zen. Dantza klasikoko maisu izan zen gerora, Portugalen. Halakoak eta beste hainbat kontu izango ditu Etxabek hizpide ostiralean, Photomuseumen. Gerora, bertaratzen direnekin mahai inguru modukoa gidatuko du.
Bestalde, Pirmin Treku. Bizitza bat dantzan erakusketa oraindik ikusi ez dutenek igandera bitartean izango dute horretarako aukera. Asteartetik igandera zabalduko dute erakusketa, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:00etara.
Dantzari eta maisu
Pirmin Treku 2006ko uztailean zendu zen, 76 urte zituela. Londresko (Erresuma Batua) Sadler´s Wells Theater Balletean ekin zion 1945. urtean bere ibilbide profesionalari, Ninette de Valois-ek dantzari gazteentzat sorturiko konpainian. Handik bi urtera bertako kide izatera iritsi zen eta taldeko dantzari nagusiaren kategoria lortu zuen. Belauneko lesio batek erretiratu zuen agertokietatik, 1961. urtean.
Porton (Portugal) dantza irakasle izateko aukera suertatu zitzaion, eta bertara joan zen bizitzera. Berehala ireki zuen bere dantza akademia. 44 urte egin zituen bertan, irakasle.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu Photomuseumaren webgunea, hemen klikatuta.