Udal elkarteak 30 langabetu kontratatu ditu

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 4a

Urola Kostako Udal Elkarteak Lanera Kontratazioak izeneko programaren bidez eskualdeko langabetuei gizarte intereseko lanak egiteko sei hilabeterako lanpostua eta hori egin ahal izateko formazioa eskaintzen diete. Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, 30 pertsona kontratuko dituzte udazkenean zehar. Lorezaintza eta pintura lanak Atzo bertan bi talde berri hasi ziren lorezaintzako eta pinturako lanak egiten. Talde bakoitza arduradun batek eta zortzi langilek osatzen dute. Hamabost egun barru beste bi talde jarriko dira martxan; alde batetik, hiru langilez osatuko den euskarako brigada eta bestetik, egitura arinen soldadurako taldea; azken honek arduradun bat eta zortzi langile izango ditu. Denera, 30 langabetu kontratatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak Lanera Kontrataziaren bidez. «Esfortzu berezia» Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarauzko udalek «ahalegin berezia» egin dute krisiaren ondoriorik lantzenak jasaten ari diren langabeei laguntza eskaintzen jarraitzeko. Izan ere, aurreko urtetan INEM eta Lanbideren diru-laguntzak jaso ditu Lanera Kontratazioak programak, baina murrizketak direla-eta aurten ez du laguntzarik jasoko. Programa udal elkarteak eta udalek finantziatuko dute eta kostua 450.000 eurokoa da. 2011-2013 Enplegu Plana Lanera Kontratazioa programa 2011-2013 Enplegu Planaren baitakoa da. Plan horren helburua eskualdean gizarte eta ekonomia sustatu eta herritarren ongizate areagotzea da. Hori lortzeko hainbat lan ildo ditu planak, besteak beste Lanera Kontratazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide