Aurten ere bi asteburutan egingo da Azpeitiko Garagardo Azoka, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak, Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatuta. Laugarren urtez egingo da, eta aurtengo honetan ere berrikuntzak izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Esaterako, zerbeza mota gehiago dastatzeko aukera egongo da; 12 mota, hain justu.
Aurreko urteetan bezalaxe, azoka plazan egingo da zerbeza festa, asteburu honetan eta hurrengoan, bost egunetan; bihar eta etzi, eta urriaren 11n, 12an eta 13an. Guztira, 140 lagun inguruk jardungo dute lanean. «Bataz beste, egunero 35 lagun inguruk egingo dute lan», dio Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak.
Bihar 20:00etan irekiko dituzte ateak, eta, era berean, Iraurgi Saskibaloi Elkarteko taldeak aurkeztuko dituzte azokan bertan. Denboraldi honetan alebinetatik hasi eta Espainiako Zilarrezko Adecco mailara arteko 23 talde osatu ditu Iraurgik.
Garagardoa edateko aukeraz gainera, afaltzeko aukera ere eskainiko dute azokan. Hala nola, txerri-ukondoa, saltxitxak edota oilasko errea emango dituzte. Muntatuko dituzten mahaietan ia 600 lagunentzako tokia egongo da. Aurten, gainera, aldez aurretik afaltzeko mahaia erreserbatzeko aukera emango dute. «Afaltzeko mahaiak erreserbatzeko, azokan bertan egin behar da erreserba; bezperan edo ateak ireki aurretik».
Azpeitiko Garagardo Azoka astean bost egunetan zabalduko dute, eta lautan zuzeneko musika emanaldia egongo da. Eta, horrez gain, larunbat honetan pantaila erraldoian Realaren eta Betisen arteko futbol partida jarraitzeko aukera izango da.
Bazkide egiteko aukera
Eskaintzak ere jarriko dituzte, hala nola, garagardoa edateko bost txartel erosten dituztenei bat opari emango zaie. Iraurgi Saskibaloi Elkarteko bazkide eginez gero ere, garagardo bat doan edateko aukera eskainiko dute.
Iraurgikoak bazkidetza kanpaina egiten ari dira, eta azokan bertan bazkide egiteko aukera eskainiko dute. 20 urtetik gorakoek 70 euro ordaindu behar dute bazkidetza;16 urtetik 20ra artekoek 30 euro; eta, familiako bazkidetza txartela 120 euro dira.
Hilaren 12an, mus txapelketa
Garagardo Azokaren baitan, hilaren 12rako mus txapelketa azkarra antolatu dute, 15:30ean hasita. Parte hartzeko izena egunean bertan eman behar da, ordu erdi lehenagotik. Bikoteko 30 euro ordaindu behar dira. Aurreneko lau bikoterentzako egongo dira sariak.
Zerbeza azokaren baitan hondakin guztiak gaika sailkatuta jasoko dituzte, eta erabilitako ontziak garbitu egingo dituzte. «Azokaren antolatzaileek euren ekimenez Zero Zaborren aldeko apustua egin dute, hondakinak sailkatuta jasoko dituzte eta ahalik eta gutxien sortzen saiatuko dira. Hori eskertu eta zoriontzekoa da», adierazi du azokaren aurkezpean Leire Etxaniz zinegotziak.
-----------------------------------
Igandean hasiko ditu Iraurgiko Saskibaloi Eskolak denboraldi berriko saioak
Igande honetan Iraurgi Saskibaloi Elkartearen Saskibaloi Eskolako ikasturte berriko aurreneko saioak izango dira. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara arteko neska-mutilentzat da eskola. Eta, LH3koentzat eskolak doan izango dira. Igandean, 2004. urtean jaiotako mutilek 10:00etan dute saioa Azpeitiko kiroldegian; 2003an jaiotako mutilek, 11:30ean, Urola Ikastolan; eta, 2002an eta 2001ean jaiotako mutilek, 10:00etan, Urola Ikastolan.