[caption id="attachment_50093" align="alignleft" width="350" caption="Iazko uztailean Bruño ahizpen aldeko elkarretaratzea Orion (Hitza)"]

[/caption]
Espainiako Auzitegi Gorenak dio ezin dela frogatu Blanca eta Maribel Bruño enpresariek ETAri dirua emanda euren borondatez hura laguntzeko asmoa izan zutenik. Hala, atzera bota du Auzitegi Nazionalak iazko udan haiei jarritako kartzela zigorra.
Absoluzioaren berri duela bi hilabete izan zuten Bruño ahizpek, baina Gorenak epaia gaur atera du. Uztailaren erdialdean Goreneko fiskalak zigorrari eusteko eskatua zuen Blanca eta Maribel Bruñorentzat. Hala ere, Carlos Granados Perez, Joaquin Gimenez Garcia, Miguel Colmenero Menendez de Luarca, Luciano Varela Castro eta Antonio del Moral Garciak osatutako epaimahaiak atzera bota du zigorra.
Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta hiru urte eta sei hilabeteko erabateko inhabilitazioa ezarri zien Bruño ahizpei 2011ko uztailaren hasieran, 2003 eta 2006 urte bitartean ETAri 6.000 euro eman izanagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako gisa horretako lehen zigorra da. 2011ko otsailean igaro ziren Bruño ahizpak epailearen aurretik, eta «30 urte mehatxatuta» pasa ondoren, «ETAren biktimak» izan zirela salatu zuten. Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen.