Ia 14.000 bisitari igaro dira aurtengo udan Zarauzko Turismo Bulegotik

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urriaren 3a

  Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, 13.916 lagunek jo dute Turismo Bulegora aholku edo informazio bila. Iazko datuekin alderatuta, % 11,25 igo da erabiltzaile kopurua. Ostalaritzari dagokionez, krisia kontuan izanda «emaitzak estimatzekoak» izan dira. Udako balantze «bikaina» egin  du, hala, Karmele Alberdi Turismo zinegotziak. Bisitarien jatorriari dagokionez, igoera nabarmenena Euskal Herritik bertatik heldutakoen eta atzerriko erabiltzaileen artean izan da. Haiek Zarautz «herri ederra, lasaia eta laua» dela aipatzen dute, «familian etortzeko leku egokia». Herria eta hondartzaz gain, oinezko ibilaldien eskaera ere oso nabarmena dela jakinarazi du Alberdik, «inguruak ezagutzeko asmoz». Herrialde Katalanetako turistak eta madrildarrak gehiengoa izaten darraitela gaineratu du. Pasa den urtearekin alderatuta, kataluniarrak % 16,03 jaitsi arren, lehen indarra izaten jarraitzen dute; madrildarren presentzia, aldiz, %11,73 igo da. «Herrialde hauek, gu bezala, krisiaren ondorioak sufritzen ari direla jakinik, emaitzak oso onak direla uste dugu», dio. «Adierazgarria da Andaluziako bisitari kopurua. Azken urtean bisitarien artean gehien igo den herrialdea da». Iaztik % 59,69ko igoera izan du. Europarren kasuan, bisitari gehien Frantziatik heldu dira, «alde handiarekin». Jarraian, Alemania, Holanda, Erresuma Batua eta Italia daude. Erresuma Batukoena da igoera «aipagarriena», iaztik % 74,04 igo da. Ostatuen okupazioari dagokionez, udaberria «erdipurdikoa» izan dela adierazi du Zurekin elkarteko Asier Aldalurrek, eta uztailean «martxa hartzea [...]

 

Euskal Herritik eta atzerritik etorri da turista gehien aurten (Onintza Lete Arrieta/Urola Kostako Hitza)

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, 13.916 lagunek jo dute Turismo Bulegora aholku edo informazio bila. Iazko datuekin alderatuta, % 11,25 igo da erabiltzaile kopurua. Ostalaritzari dagokionez, krisia kontuan izanda «emaitzak estimatzekoak» izan dira. Udako balantze «bikaina» egin  du, hala, Karmele Alberdi Turismo zinegotziak.

Bisitarien jatorriari dagokionez, igoera nabarmenena Euskal Herritik bertatik heldutakoen eta atzerriko erabiltzaileen artean izan da. Haiek Zarautz «herri ederra, lasaia eta laua» dela aipatzen dute, «familian etortzeko leku egokia». Herria eta hondartzaz gain, oinezko ibilaldien eskaera ere oso nabarmena dela jakinarazi du Alberdik, «inguruak ezagutzeko asmoz».

Herrialde Katalanetako turistak eta madrildarrak gehiengoa izaten darraitela gaineratu du. Pasa den urtearekin alderatuta, kataluniarrak % 16,03 jaitsi arren, lehen indarra izaten jarraitzen dute; madrildarren presentzia, aldiz, %11,73 igo da. «Herrialde hauek, gu bezala, krisiaren ondorioak sufritzen ari direla jakinik, emaitzak oso onak direla uste dugu», dio. «Adierazgarria da Andaluziako bisitari kopurua. Azken urtean bisitarien artean gehien igo den herrialdea da». Iaztik % 59,69ko igoera izan du.

Europarren kasuan, bisitari gehien Frantziatik heldu dira, «alde handiarekin». Jarraian, Alemania, Holanda, Erresuma Batua eta Italia daude. Erresuma Batukoena da igoera «aipagarriena», iaztik % 74,04 igo da.

Ostatuen okupazioari dagokionez, udaberria «erdipurdikoa» izan dela adierazi du Zurekin elkarteko Asier Aldalurrek, eta uztailean «martxa hartzea kosta» zitzaiela. Hala ere, iazkoarekin alderatuz, bezero gehiago izan dira ekainean. Uztailean eta abuztuan, aldiz, mantendu egin da. Irailean, ordea, «nahiko ondo» aritu dira lanean, batez ere asteburutan eta  San Miguel Pro Zarauzko Surf Txapelketa, Euskal Astea eta Mahats Bilketaren festaren aitzakian.Erreserbak azken ordukoak izan direla gehitu du, eta egonaldien gau kopurua gutxitu denez, errotazio handia izan dutela.

Autokritika
Aurten zenbait zerbitzu berri jarri du martxan udalak. Horietako batzuen balorazio «oso positiboa» egin du Turismo zinegotziak: «Batetik, Sortaldearekin malekoian kulturari leiho bat zabaldu diogu eta sekulako harrera izan du, eta bestetik, mugikorrerako aplikazioa, zeinaren balorazio bikaina egiten dugun, eraldatzen jarraituko dugun arren». Hala ere, «dena ez da egokia izan». Batetik, Turismo Bulegoan jaso duten kritiketako bat aparkatzeko arazoena izan da. «Aurten froga moduan Astiko aparkalekuak eta anezka autobusa jarri ditugu hondartza edo herrigunera etortzeko, baina ez dute behar bezalako erantzunik izan, eta hurrengo urterako hauek nola aurkeztu  aztertu beharko dugu».

Bestetik, hainbat zerbitzu eta azokaren kokaguneari buruzko azterketa ere egin behar dutela dio. «Gure logika da, ezin direla zerbitzu guztiak herri erdigunean eta herriaren zati txiki batean pilatu: auzoek eta herri osoak dutela zerbitzu horiez gozatzeko aukera, eta bide horretan azterketak egiten jarraituko dugu». Zentzu horretan, azoka kopuruaz ere hausnartu beharko dute Turismoa zinegotziaren esanetan, «aurten bat baino gehiago gainjarri» baitira. «Zer hobetua badugu, beraz, baina udako balorazioa bikaina dela iruditzen zaigu. Krisi garaietan ostatuen okupazio maila inbidiagarria da gainerako eskualde eta herrialdeekin alderatuta, eta turismo bulegoko bisitari kopuruak gora egin du».

Zentzu horretan, udaberri eta udazkenean jendea gehiago etor dadin lan egiteko «asmo argia»erakutsi du. Horrekin batera, Zarauzko marka zabaltzeko hainbat azokatan hartuko dute parte,    Cornellako (Herrialde Katalanak) Agrotur eta  Valladolideko  Intur azoketan, kasu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide