Salbatore Mitxelena Ikastolan Ekolapikoa ekimena jarriko dute martxan, bertako produktuen eta ekologikoen aldeko apustua eginez. Ikasturte honen hasieran jarri zuten martxan, irailean.
Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, iazko ikasturtean ikastetxeko sukaldean eta jangelan Ekolapikoaren bidez bertako produktu ekologikoak sukaldatu eta eskaintzeko aukera aztertu zuten, orain jarri dute abian. «Malgutasunez» hasi dira, hau da hasieratik ez dituzte %100ean produktu ekologikoak bakarrik erabiltzen. «Pixkanaka-pixkanaka joango gara produktu ekologikoak sartzen eta gehitzen». Baina, ikastolakoen asmoa erabiltzen dituzten produktuetatik gehienak ekologikoak izatera iristea da.
Zarauzko Ikastolakoentzako ekimen honen baitan garrantzitsuena bertako produktuak eta garaian garaikoak kontsumitzea eta eskaintzea da. «Beti ere inguruko ekoizleen produktuak kontsumitzea da gure asmoa eta nahia», diote. Ekolapiko ekimenaren bitartez jarri dira harremanetan inguruko ekoizleekin, eta gero produktuak zuzenean ikastolak berak erosten ditu.
Gaur egun, batez beste, egunero, 3 urtetik DBH 4ra arteko 200 ikasle inguruk bazkaltzen dute Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako jangelan. Ekolapiko ekimena martxan jarri zutenetik hilabete besterik ez da pasatu, baina «momentuz» gurasoak eta ikasleak gustura daude ekimenarekin.
Zerbitzuaren aldaketa
Iazko ikasturtearen bukaera arte catering-eko enpresa batekin egiten zuten lan ikastolako sukaldean eta jangelan. «Catering-eko enpresako sukaldariak ikastolako sukaldean bertan sukaldatzen zuen bazkaria. Sukaldea betidanik egon da ikastolan. Baina, orain pauso bat eman da, eta sukaldaria eta sukaldari laguntzailea ikastolako langileak dira, eta haiek arduratzen dira ekoizleekin harremanetan jarri eta behar dituzten produktuak erosteaz». Sukaldeko eta jangelako zerbitzuaren prozesu guztia ikastolatik zuzenean kudeatzen dute.
Catering enpresaren bidez edota ikastolak berak jangelako zerbitzu osoa zuzenean kudeatuta kostu ekonomikoa asko ez zaiela igoko uste dute ikastolakoek. «Oraindik hilabete besterik ez ditugu egin zerbitzu berriarekin, eta azterketa ekonomiko osoa egiten ari gara. Baina, aurreikuspenen arabera, hileko prezioa bi euro igoko da. Hala ere, hori aurreikuspena da».
Jangelako zerbitzu berriarekin hilabete besterik ez daramazkite Zarauzko Ikastolan, eta oraingoz oso gustura daude. Dena den, pixkanaka aldatzen joango dira, «produktuak aldatzen joango gara, produktu ekologikoak gehiago sartuz. Jatorduan ere aldaketak sartu ditugu, esaterako orain kontsumitzen dugun arroza-eta integralak dira».