Osasun zentroaren proiektua urte amaierarako prest egongo dela diote

Ane Olaizola 2012ko urr. 3a, 07:00

Zestoako Udalak anbulatorio berriaren egitasmoa esku artean du berriro, eta gauzatzeko pausoak ematen hasia da. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean hasi da, eta dagoeneko zehaztu dute osasun etxe berriaren kokalekua; Euskal Herria plaza ondoan egitea erabaki du udalak. Egitasmoa aurrera eramateko hainbat bilera egin du udalak Osasun Saileko arduradunekin. Halaber, udalak hartu du proiektua osatzeko ardura, eta bertako aparejadorea eta arkitektoa Eusko Jaurlaritzakoekin elkarlanean ariko dira. Hala, udalak urte amaierako proiektua amaitzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, Zestoako Udalarentzat osasun etxe berria izatea «premiazkoa» ez ezik, «presazkoa» ere bada, eta prozesua arintzeko, proiektua eurek zehaztea erabaki dute. Izan ere, iaz hitzarmena sinatu zuten Zestoako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Horren arabera, Euskal Herria plaza ondoko egoitza Osasun Sailari utzi zion udalak. Zestoako alkate Leire Etxeberriak adierazi du bost urtean pausorik eman ezean, egoitza berriro udalaren esku geratuko dela. Hala gertatuko balitz, berriro prozesua hasieratik hasi beharko luketela gaineratu du. Behin proiektua eginda, lanak esleituko dituzte. Hori hurrengo urtean egitea aurreikusi dute erakundeek. «Guztia ondo joanez gero», osasun zentroa 2014-15 ingururako martxan jartzea espero du udalak. Egoitza, baldintza onetan Egoitza berriak 554 metro koadro ditu, eta irisgarritasun aldetik «baldintza oso onak» dituela adierazi du Leire Etxeberriak, Zestoako alkateak; izan ere, herrigunean bertan egongo litzateke [...]

Euskal Herria plaza ondoko lokal bat utziko dio Zestoako Udalak Jaurlaritzari, anbulatorioa egiteko (Nerea Uranga/Urola Kostako Hitza)

Zestoako Udalak anbulatorio berriaren egitasmoa esku artean du berriro, eta gauzatzeko pausoak ematen hasia da. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean hasi da, eta dagoeneko zehaztu dute osasun etxe berriaren kokalekua; Euskal Herria plaza ondoan egitea erabaki du udalak. Egitasmoa aurrera eramateko hainbat bilera egin du udalak Osasun Saileko arduradunekin. Halaber, udalak hartu du proiektua osatzeko ardura, eta bertako aparejadorea eta arkitektoa Eusko Jaurlaritzakoekin elkarlanean ariko dira. Hala, udalak urte amaierako proiektua amaitzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, Zestoako Udalarentzat osasun etxe berria izatea «premiazkoa» ez ezik, «presazkoa» ere bada, eta prozesua arintzeko, proiektua eurek zehaztea erabaki dute.

Izan ere, iaz hitzarmena sinatu zuten Zestoako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Horren arabera, Euskal Herria plaza ondoko egoitza Osasun Sailari utzi zion udalak. Zestoako alkate Leire Etxeberriak adierazi du bost urtean pausorik eman ezean, egoitza berriro udalaren esku geratuko dela. Hala gertatuko balitz, berriro prozesua hasieratik hasi beharko luketela gaineratu du.

Behin proiektua eginda, lanak esleituko dituzte. Hori hurrengo urtean egitea aurreikusi dute erakundeek. «Guztia ondo joanez gero», osasun zentroa 2014-15 ingururako martxan jartzea espero du udalak.

Egoitza, baldintza onetan
Egoitza berriak 554 metro koadro ditu, eta irisgarritasun aldetik «baldintza oso onak» dituela adierazi du Leire Etxeberriak, Zestoako alkateak; izan ere, herrigunean bertan egongo litzateke osasun zentroa. Egungo osasun etxea «egoera kaxkarrean» dagoela aitortu du Etxeberriak, eta, beraz, ez dituela «zerbitzu ona emateko» baldintzak betetzen. Irisgarritasunari dagokionez, hainbat arazo ditu egungo anbulatorioak. «Esaterako, esku-oheetan joaten diren bezeroak kanpoaldean artatu behar dituzte, ez direlako atetik kabitzen», dio Etxeberriak. Halaber, neurriari dagokionez, «egungo beharrei erantzuteko txikiegia» dela deritzo alkateak. 150 metro koadro ditu zentroak.

Etxeberriak adierazi du Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin egin dituzten bileretan Zestoako kasua izan dutela hizpide. «Jaurlaritzakoek esan digute Gipuzkoan Zestoako eta Getariako anbulatorioak direla egoera kaxkarrenean daudenak. Baina gure kasuan eraikin osoa eginda dago; soilik hori egokitzea izango litzateke». Hori hala izanik, egoitza horrek osasun etxe izateko «aukera asko» dituela adierazi du Etxeberriak. «Badakigu garai txarrak direna, baina ikusten dugu Zestoak ere merezi duela abulatorio duin bat, are gehiago dagoeneko egoitza eginda dagoenean». Beraz, osasun zentro berria izateko «borroka» egingo duela aurreratu du udalak. «Gure legealdiko erronka handia da anbulatorioarena, Zestoak duen beharra handia delako», nabarmendu du Etxeberriak.

Aldaketak kokalekuan
Anbulatorio berria egiteko proiektuak hainbat aldaketa izan du azken urtean. Hasiera batean, Caravan Park gunea zegoen lekuan egitea erabaki zuten 2010ean, baina gune horrek baldintzak ez zituela betetzen jakinarazi du Etxeberriak. Beraz, ondoren udalak Euskal Herria plaza ondoko egoitza eskuratu zuen, eta, alkatearen arabera, udalak hasieratik iritzi zion egoitza hori zela osasun etxe berria egiteko lekurik egokiena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide