Uztaro Haurreskolako sukaldean bertan ekoiztutako produktuak sukaldatuko dituzte. Haur eskolako haurrek «elikadura osasuntsuagoa, bertakoa eta kalitatezkoa» izateko asmoarekin abiatu dute ekimena. Horretarako, Azpeitiko Udalak eta Uztaro Haurreskolako guraso elkarteak hitzarmena egin dute, eta Urkome (Urola Kostako Landa Garapen elkartea) bitartekari dela,
Baserritik.com baserritar elkartearekin elkarlanean hasi dira, «bertako produktuak kontsumitzearen aldeko apustua eginez».
Azpeitiko Udalak Uztaro Haurreskolarekin zuen hitzarmena berritu egin dute, eta une hau bertako produktuak kontsumitzeko elkarlanari ekiteko ere erabili dute. Hala adierazi du Azpeitiko Auzoetako zinegotzi Ainhoa Beristainek, «akordioa berritu behar genuenez, bertako produktuak sustatzeko une egokia izan daitekeela uste izan dugu. Hala, haur eskolako haurrei kalitatezko produktuak eskainiko zaizkie».
Sukalde propioaren apustua
Uztaro Haurreskolako guraso elkartekoek eskerrak eman dizkie Udalari eta Urkomeri euren eskolan esperientzia berria martxan jartzeagatik, hala esan du guraso elkarteko Iker Ezeizak, «akordio honen bidez, gure haurrek kalitatezko elikadura izaten segituko dute, gure sukaldariari eta bertako produktuei esker». Udalaren laguntza eskertu dute, baina «laguntza zuzenagoa» jasotzeko esperantza dutela ere azaldu du Ezeizak, «badakigun arren bizitzen ari garen garaia oso gogorra dela». Haur eskolan sukaldari eta sukalde propioa izatearen apustuari heltzeko guraso elkartetik hainbat ekimen antolatu beharko dituztela azaldu du Uztaroko gurasoak, «aurrekontua osatzeko ekimenak antolatu beharra izango dugu».
Bertan ekoiztutako produktuak eta landa eremua gizarteratzeko Uztaro Haurreskolan martxan jarri duten bezalako ekimenak zabaltzea ezinbestekoa da Urkomeko lehendakari Manuel Labakaren arabera, «landa eremua eta tokiko produktuak aurrera ateratzeko, inguruko ikastetxeekin eta elkarteekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da». Aurrerantzean, horrelako hitzarmen edota elkarlan gehiago egitea espero dute Urkomekoek.
Elkarlan gehiago nahi
Baserritik.com baserritarren elkartekoek ere itxaropen horixe dute: orain egin berri duten hitzarmenak horrelako ekimen gehiago ekartzea. «Horretarako bailarako udalei laguntza eskatu nahi diegu, bertako jangeletan bertako produktuak eskaini ditzaten. Oso egoera kritikoan dagoen lehen sektorea indartzeko eta bultzatzeko oso garrantzitsua delako», azaldu du Agurtzane Subijana baserritarren elkarteko lehendakariak. Jangeletan bertako produktuen aldeko apustua «inbertsio» bezala hartu behar dela dio Subijanak, «lanpostuak sortzeko aukera egon daitekeelako, eta sektorea mantentzea eta indartzea eragin dezakeelako».
------------------------------------------
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan Ekolapikoa ekimena jarri dute martxan
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan Ekolapikoa ekimena jarriko dute martxan, bertako produktuen eta ekologikoen aldeko apustua eginez. Ikasturte honen hasieran jarri zuten martxan, irailean.
Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, iazko ikasturtean ikastetxeko sukaldean eta jangelan Ekolapikoaren bidez bertako produktu ekologikoak sukaldatu eta eskaintzeko aukera aztertu zuten, orain jarri dute abian.
«Malgutasunez» hasi dira, hau da hasieratik ez dituzte %100ean produktu ekologikoak bakarrik erabiltzen. «Pixkanaka-pixkanaka joango gara produktu ekologikoak sartzen eta gehitzen». Baina, ikastolakoen asmoa erabiltzen dituzten produktuetatik gehienak ekologikoak izatera iristea da.
Zarauzko Ikastolakoentzako ekimen honen baitan garrantzitsuena bertako produktuak eta garaian garaikoak kontsumitzea eta eskaintzea da. «Beti ere inguruko ekoizleen produktuak kontsumitzea da gure asmoa eta nahia», diote. Ekolapiko ekimenaren bitartez jarri dira harremanetan inguruko ekoizleekin, eta gero produktuak zuzenean ikastolak berak erosten ditu.
Gaur egun, batez beste, egunero, 3 urtetik DBH 4ra arteko 200 ikasle inguruk bazkaltzen dute Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako jangelan. Ekolapiko ekimena martxan jarri zutenetik hilabete besterik ez da pasatu, baina «momentuz» gurasoak eta ikasleak gustura daude ekimenarekin.
Zerbitzuaren aldaketa
Iazko ikasturtearen bukaera arte catering-eko enpresa batekin egiten zuten lan ikastolako sukaldean eta jangelan. «Catering-eko enpresako sukaldariak ikastolako sukaldean bertan sukaldatzen zuen bazkaria. Sukaldea betidanik egon da ikastolan. Baina, orain pauso bat eman da, eta sukaldaria eta sukaldari laguntzailea ikastolako langileak dira, eta haiek arduratzen dira ekoizleekin harremanetan jarri eta behar dituzten produktuak erosteaz». Sukaldeko eta jangelako zerbitzuaren prozesu guztia ikastolatik zuzenean kudeatzen dute.
Catering enpresaren bidez edota ikastolak berak jangelako zerbitzu osoa zuzenean kudeatuta kostu ekonomikoa asko ez zaiela igoko uste dute ikastolakoek. «Oraindik hilabete besterik ez ditugu egin zerbitzu berriarekin, eta azterketa ekonomiko osoa egiten ari gara. Baina, aurreikuspenen arabera, hileko prezioa bi euro igoko da. Hala ere, hori aurreikuspena da».
Jangelako zerbitzu berriarekin hilabete besterik ez daramazkite Zarauzko Ikastolan, eta oraingoz oso gustura daude. Dena den, pixkanaka aldatzen joango dira, «produktuak aldatzen joango gara, produktu ekologikoak gehiago sartuz. Jatorduan ere aldaketak sartu ditugu, esaterako orain kontsumitzen dugun arroza-eta integralak dira».
Horrelako elkarlanak edota ekimenak martxan jartzeko sukalde eta sukaldari propioa eduki behar dira. «Ikastetxe handietan zaila da, baina txikietan posible litzateke ekimena martxan jartzea», gaineratu dute.