Asteburuetan Orioko plaza motordun ibilgailuentzat itxi, eta oinezkoentzat soilik izan zedin neurria indarrean jarri zuen udaberrian Orioko Udalak. Azken hilabeteetan herritarren eta eragileen iritziak eta ekarpenak jaso ditu, eta haiek kontuan hartuta, behin betiko neurria zehaztu du. «Herritarrek dituzten askotariko interesen artean oreka mantentzen saiatu gara», azaldu du Amaia Dorronsorok, Obra eta Zerbitzu zinegotziak.
Ekainetik irailera bitartean itxiko dute herriko plaza motordun ibilgailuentzat, larunbatetan, 08:00etan. Eta astelehenetan 07:30ean irekiko da berriz. «Hasiera batean, igande iluntzean irekitzea erabaki genuen, baina konturatu gara urte sasoi horretan plaza inguruan haur asko ibiltzen direla plazan jolasean. Horregatik, bat-batean kotxeak igaroz gero arrisku egoerak gerta litezke. Hori ekiditeko astelehen goizean irekiko da berriz plaza».
Urria eta ekaina bitartean, berriz, larunbatetan 14:00etan itxiko da plaza motordun ibilgailuentzat. «Dendarien proposamena kontuan hartu dugu; izan ere, adierazi ziguten plaza ibilgailuentzat itxita izaten denean mugimendu gutxiago antzematen zutela dendetan. Horregatik, eguerdian dendak ixten dituztenean itxiko dugu plaza motordun ibilgailuentzat ere». Igande iluntzean irekiko da berriz Orioko plaza.
Ekarpenak kontuan
Asteburuetan herriko plaza oinezkoentzat soilik irekitzen hasi zirenetik harrera eta iritzi desberdinak jaso ditu Orioko Udalak herritar eta eragileengandik. «Orokorrean oriotarrak oso gustura daude neurriarekin, dena dela izan dira neurriaren aurka izan gabe, ekarpenak egin dituztenak ere» zehaztu du Dorronsorok.
Alde batetik, asteburuetan herritik ateratzeko ibilbide berria ez zegoela ondo zehaztua nabarmendu zuten herritar batzuk.
Horretaz gain, Goiko Kaleko bizilagun batzuk ere kexatu egin dira oriotar askok Txankako bidea erabili beharrean, Goiko Kalera igo eta Dikeko aldapa erabiltzen dutelako herritik ateratzeko. «Goiko Kalea ez dago hainbesteko trafiko jasotzeko egokituta eta zeinbait bizilagun kexatu egin dira. Horren aurrean Txankako irteera zehazten duten seinale gehiago jarri ditugu eta Goiko Kalera igotzeko frontoiko aldapa hasieran zintak jarri ditugu, ibilgailuak ez pasatzeko» azaldu du obra eta zerbitzu zinegotziak. Dena dela, neurri horrekin Udalak
ez du lortu Goiko Kaleko trafikoa %100ean ekiditerik. «Nik neuk uste dut horretarako gure ohitura eta kultura aldatu behar dugula. Nik neuk herritarrei eskatu nahi nieke, Txankako errepidea erabiltzeko herritik ateratzeko».
Orekari eustea
Udal Gobernu berria lanean hasi zenetik «herriko plazari bizitza ematea beharrezkoa zela ikusi genuen. Plaza oriotarren elkargunea bihurtzea nahi dugu eta horretarako herritarrak bertatik lasaitasunez ibiltzea guztiz beharrezkoa da» zehaztu du Dorronsorok.
Horretaz gain, Bildu udal taldearentzat motorrezko ibilgailuen aurrean oinezkoei «lehentasuna ematea» ere oso garrantzitsua da. «Jakin badakigu modu horretako aldaketek herritarren ohituretan aldaketak eragiten dituztela eta horregatik egokitzapen bat behar dutela. Gainera, herrian bertan iritzi eta interes desberdinak biltzen dira eta denak errespetatu behar dira. Uste dugu denok neurri batean amore eman behar dugula oriotarren arteko elkarbizitza lasaia izan dadin. Denen interesak eta nahiak betetzea oso zaila da, baina oreka mantentzen saiatu gara».