«Hamalau hilabete pasatu dira Bildu agintean dagoenetik eta bada ordua kontuak eskatzeko. Ezinezkoa da oraindik aurreko agintariei leporatzea oker guztiak.Uda honetan saiatu da gauzak bere moduan egiten, eta guztia hankaz gora jarri du», salatu du PSE-EEk. Aldirietako aparkalekua Astin atondu eta zaldiko-maldikoak Kortazarren eta Zarauztik Mundura azoka kiroldegi aurrean kokatu izana, txosnen leku aldaketa, polikulturalaren kontratua etetea… Udal Gobernuaren «askotariko akatsak» kritikatu ditu, eta Gari Berasaluze Kultura Festa eta Mikel Goenaga Herrilan eta Zerbitzuetako zinegotziei leporatu dizkiete «erru guztiak».
Begi bistakoa oztopatu
Aldirietako aparkalekua Astin jartzeko erabakia «presaz» hartu zenez, erabiltzaileei «informazio eskasa» eta «askotan okerra» eman zitzailea nabarmendu du. Horrez gain, «galera ekonomikoa» ere izan da: «7.000 euroko kostua eta 200 euro baino gutxiagoko diru sarrerak egon dira».
Zaldiko-maldikoak Kortazarren jartzearena «egoskorkeriaz hartutako erabaki bakartiarra» dela dio, «oposizioko inorekin kontatu gabe»: «Erabilera oso eskasa izan da eta barraka horien jabeek publikoki kexatu ziren». «Akupuntura urbanoa» egin nahi izan dutela salatu du, eta ez dela horren ildotik hartutako erabaki bakarra izan ohartarazi du: udako azoka Araba kalean kokatu dute, batetik. « Uztailean PSE-EEk adierazi zion Kultura zinegotziari kokapena ez zela egokia eta oso jende gutxi zebilela azokan. Baina ez zegoela hain hutsik eta erabiltzaileak ez zeudela hain disgustura erantzun zigun». Gerora «arrazoi eman» zien, ordea: «Abuztuaren 10ean kendu zuten, iragarrita zegoena baino askoz lehenago, izandako porrotaren ondorioz».
Euskal Jaiaren bueltan, txosnak Iturribide kalean jartzean Bilduk «akupuntura urbanoa» ez zuela kontuan izan: «Zergatik ez zituzten txosnak kanporatu Asti, Abendaño edo Kortazar aldera? Berenak direnean akupuntura aitzakia ez dutelako behar?». Erabaki horren ondorioz, hamabi egunez erdigunean dagoen ehun plazako aparkaleku hutsik egon dela gogoratu du PSE-EEk, «dirutza handia galduz». Era berean, «builek eta legez kanpoko musikaren bolumenak» ehunka herritarren «ondoeza» eragin zuen.
Bestetik, Polikultulararen kontratuak eteteko «une honetan» 220.000 euro ordaintzea ere ez da «beharrezkoa». PSE-EEren arabera, hori ez da «larriena», ordea: «Bilduk mundua ikusteko moduak, begi bistan dagoena ikustea oztopatzen dio». Hori dela eta, besteen aholkuak eta ideiak baztertzen dituela salatu du.
