Tentsioa izan zen nagusi atzo arratsaldean Corrugados Azpeitia enpresaren Landetako sarrera nagusian. Enpresako logistika arloko langileak bilera batera deituta zituen arloko arduradun Karmelo Oiangurenek. 16:00etan, enpresako bulegoetan zuten hitzordua. Baina, enpresako ehun langiletik gora enpresako atearen aurrean bildu ziren, deialdiarekin bat ez zetozelako. Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkarien arabera, «Enpresa Batzordea gainetik pasatu eta logistikakoak bilerara deitu ditu Oiangurenek. Langileak zatitzeko ahalegin bat besterik ez da. Auzi honetan inon ahotsik ez duena da arduradun hori. Tailerra itxita badago, denontzako dago itxita, eta langileekin bildu nahi badu, badaki egunero 08:00etan batzarra egiten dugula enpresan».
Corrugados Azpeitiako langileak kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra, eta enpresaren etorkizuna argitzeko eskatuz ekainaren 15etik daude greban; hiru hilabete eta erdi.
Langileen ordezkari sindikalen arabera atzo arratsaldeko 15:45ean, 122 langile zeuden bilera oztopatzeko bilduta enpresaren atarian. «Banan bana kontatu ditugu. Eta argi esan behar dugu langileak ez direla etorri guk deituta, bileraren berri jakin eta euren kabuz etorri dira».
Laurak gertu, logistikako dozena erdi bat langile azaldu zen tailerraren sarrera nagusira. Bilduta zeuden langileen aldetik txistuak eta oihuak entzun behar izan zituzten. Segidan, Karmelo Oianguren eta beste hamar bat langile azaldu ziren. Oiangureni langileen ordezkari sindikalek zertara joan zen galdetu zioten, eta honek logistikako langile batzuek bizi duten egoerarekin kezkatuta deitu diotela, eta bilerara deitu ziotela esan zuen. Langileak egunero biltzen direla eta hara azaltzeko erantzun zioten haserre langileek, «egoera larria denona da, eta hiru hilabete eta erdi honetan non egon zarete».
«Aurpegia emateko»
Oiangurenen arabera, logistika arloan 42 langilek jarduten dute lanean, eta denak deitu zituzten atzoko bilerara. «Langile batzuk deitu didate esanez egoera larrian daudela eta horregatik langileekin biltzea erabaki dut. Tartean Enpresa Batzordeko bost izan dira deituak, logistikan lan egiten dutelako», esan zien hedabideei Oiangurenek. «Aurpegia emateko eta ezkutuan ez ibiltzeko» asmoarekin deitu zuen bilera enpresako bulegoan, «baina, etorri eta ongi etorri hau jaso dut», zioen.
Langileen ordezkari sindikalen arabera, ordea, haiek Corrugados Taldeko arduradun nagusiekin egunero hitz egiten dute, negoziatzen hasteko bilera bat eskatuz. Atzo goizean ere enpresaburuekin hitz egin zuten, «Romero jaunari deitu diogu bilera eskatuz. Deitzekotan gelditu da». Logistikako arduradunak deitutako bilerari buruz ere enpresako arduradunekin hitz egin zutela esan zuten Enpresa Batzordekoek, «gerentearekin hitz egin dugu eta hark bileraz ez zekiela esan digu, eta ez duela ezer jakin nahi».
Logistikako langileen batzarra deitu eta atera azaltzea «probokazio hutsa» izan dela zioten langileek. «Urriaren 16an kaleratzeen inguruko epaiketa da Bilbon, eta bi aste falta direla langileok sakabanatzeko mugimenduak egiten hasi dira», zioten langileen ordezkariek.
Logistikako arduradunaren aurkako oihuak egin zituzten han bildutako langileek. Eta, Ertzaintzaren bi auto azaldu ziren Corrugados aurrera. Poliziak alde guztiekin hitz egin eta segidan handik alde egin zuen bertatik.
Baina, Oiangurenek eta harekin batera etorritako hamar langileek han jarraitzen zuten. Bostak arte egon ziren bertan. Handik alde egin zutenean, bilduta eta haserrezeuden langileek autoraino jarraitu zioten Oiangureni.
Oiangurenek batzar ireki bat deitu beharra dagoela zioen, «une batean erabaki bat hartu zen, baina berriro batzar ireki bat deitu beharra dago. Gauzak hitz eginda konpontzen dira eta ez inposizioekin».
Baina, langileen ELA eta LABeko ordezkarien arabera, Soreasun egindako batzarretan hartutako erabakiak errespetatu ez dituena Oianguren bera izan da. Enpresa Batzordeak azaldu duenez, «dirudienez zuzendaritzako kideek nahiago dute arazoari irtenbide duin bat aurkitzeko mahai gainean hitz egitea baino probokazioetan sartzea».