2012ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, 13.916 lagunek jo dute turismo bulegora aholku edo informazio bila. Iazko datuekin alderatuta, % 11,25 igo da erabiltzaile kopurua. Ostalaritzari dagokionez, krisia kontuan izanda “emaitzak estimatzekoak” izan dira. Udako balantze “bikaina” egin du hala Karmele Alberdi Turismo zinegotziak. “Iruditzen zaigu, datu honek Turismo Bulegoak egiten duen lana balioan jartzen duela, eta herri honen eskaintza zabalaren bozeramaile nagusienetariko bat denez, eskertu beharrean garela, udan, astean zazpi egunez, hainbat orduz egiten duten lana”, gaineratu du.
Bisitarien jatorriari dagokionez, igoera nabarmenena Euskal Herritik bertatik eta atzerriko erabiltzaileen artean eman da. Haiek Zarautz “herri ederra, lasaia eta laua” dela aipatzen dute, “familian etortzeko leku egokia”. Herria eta hondartzaz gain, oinezko ibilaldien eskaera ere oso nabarmena dela jakinarazi du Alberdik, “inguruak ezagutzeko asmoz”.
Herrialde katalanetako turistak eta madrildarrak gehiengoa izaten darraitela gaineratu du. Pasa den urtearekin konparatuta, kataluniarrak % 16,03 jaitsi arren, lehen indarra izaten jarraitzen dute; madrildarrak, aldiz, % 11,73 igo dira. “Herrialde hauek, gu bezala, krisiaren ondorioak sufritzen ari direla jakinik, emaitzak oso onak direla uste dugu”, dio. “Adierazgarria da baita ere, Andaluziako bisitari kopurua. Azken urtean bisitarien artean gehien igo den herrialdea da”. Iaztik % 59,69ko igoera izan duela zehaztu du.
Europako herrialdeen kasuan, bisitari gehien Frantziatik heldu dira, “alde handiarekin”. Jarraian, Alemania, Holanda, Erresuma Batua eta Italia daude. “Aipatzekoa iruditzen zaigu, Erresuma Batuko bisitarien igoera, iaztik % 74,04 batean igo baita”.
Ostatuen okupazioari dagokionez, udaberria “erdipurdikoa” izan dela adierazi du Zurekin elkarteko Asier Aldalurrek, eta uztailean “martxa hartzea kosta” zitzaiela. Iazkoarekin alderatuz, iaz baino bezero gehiago izan dira ekainean. Uztailean eta abuztuan aldiz mantendu egin da: uztailean okupazio maila %87,89koa izan zen eta abuztuan %97,49koa. Irailean, ordea, bezero ugari izan dute. Oraindik datu zehatzak ez badituzte ere, San Miguel Pro Zarauzko Surf Txapelketaren aitzakian, Euskal Astean eta Mahats Bilketaren festarekin, “nahiko ondo” aritu dira lanean, bereziki asteburuetan.
Erreserbak azken ordukoak izan direla gehitu du, eta egonaldien gau kopurua gutxitu denez, errotazio handia izan dutela.
Autokritika
Aurten zenbait zerbitzu berri jarri ditu martxan Zarauzko Udalak. Horietako batzuen balorazio “oso positiboa” egin du Turismo zinegotziak: “Batetik, Sortaldearekin malekoian kulturari leiho bat zabaldu diogu eta sekulako harrera izan du, eta bestetik, mugikorrerako aplikazioa, zeinaren balorazio bikaina egiten dugun, eraldatzen jarraituko dugun arren”. Hala ere, “dena ez da egokia izan”. Hala, autokritika egin du. Batetik, Turismo Bulegoan jaso duten kritiketako bat aparkatzeko arazoena izan da: “Aurten froga moduan Astiko aparkalekuak eta autobus lanzaderak jarri ditugu hondartza edo herrigunera etortzeko, baina ez dute behar bezalako erantzunik izan, eta hurrengo urterako hauek nola aurkeztu eta promozionatu aztertu beharko dugu”.
Bestetik, hainbat zerbitzu eta azokaren kokaguneari buruzko azterketa ere egin behar dutela dio:” Gure logika da, ezin direla zerbitzu guztiak herri erdigunean eta herriaren zati txiki batean pilatu: auzoek eta herri osoak dutela zerbitzu horiez gozatzeko aukera, eta bide horretan azterketak egiten jarraituko dugu”. Zentzu horretan, azoka kopuruaz ere hausnartu beharko dute Turismoa zinegotziaren esanetan, “aurten bat baino gehiago gainjarri” baitira.
“Zer hobetua badugu beraz, baina udako balorazioa bikaina dela iruditzen zaigu. Krisi garaietan ostatuen okupazio maila inbidiagarria da gainerako eskualde eta herrialdeekin alderatuta, eta turismo bulegoko bisitari kopuruak gora egin du”.
Jende gehiago erakartzeko asmoa
Zentzu horretan, udaberri eta udazkenean jendea gehiago etor dadin lan egiteko “asmo argia” erakutsi du: “Turismoa gure eragile ekonomiko nagusienetakoa delako, eta horra bideratuta, hainbat proposamen berri egingo ditugu”.
Horrekin batera, Zarauzko marka zabaltzeko hainbat azokatan hartuko dute parte. Urriaren 4tik 7ra, esaterako, Sevillan (Espainia) aurkezpena egingo dute prentsa eta sektoreko profesionalentzat. Horrez gain, pintxo batzuk eskainiko zaizkie bertaratzen direnei, “gure gastronomia ezagutarazteko” eta karpa bat ere jarriko da Sevillako erdiguneko kale batean, Zarautzi buruzko informazioa banatzeko.
Azaroaren 9tik 11ra Cornellako (Herrialde Katalanak) Agroturren —landa-turismoaz eta Turismo Aktiboaz arduratzen den azoka garrantzitsuenetako— izango dira. Valladolidera (Espainia) joango dira, Intur azokara, azaroaren 22tik 25ra. Azoka hau barnealdeko turismoa hedatzeko foro “ezin hobea” da.