Zarauzko Udalak kuartela husteko eskatu dio gaur Guardia Zibilaren kapitain berriari. Udaletxean bildu da Juan Luis Illarramendi alkatea, Turismo zinegotzi Karmele Alberdi eta Udaltzaingoaren arduradun Jabier Etxabururekin. Patxi Elola PSE-EEko bozeramaileak proposatutakoa bete eta goizean elkartu dira, kapitain berria agurtzeko; Elola bera ere izan da bileran. Bilduko ordezkariek txosten bat eman diote Guardia Zibilaren buruari, hainbat eskaerekin. Hona hemen eskariak, puntuz puntu:
- Kapitain berriak pasa den apirilaren 25ean Udalbatzak onartutako mozioa bete dadin urratsak emateko. Mozio horren bitartez, udalak Guardia Zibilak Zarautzen duen kuartela husteko eskatu zien Espainiako Barne Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzari. Maiatzean erantzun zuen Guardia Zibilak, eraikina Espainiako Estatuarena dela eta, Guardia Zibilak “Euskal Herrian dituen eginkizunak” kontuan izanda, ez duela instalaziook uztea aurreikusten. Horren aurrean, bertan etxebizitza babestuak atontzeko, ahalik eta lasterren eraikina “herritarrei itzultzeko” eskatu dio udalak.
- Orokieta Herri Eskola koartelaren alboan dagoenez, eta eskolako guraso elkartearen eskaerekin bat eginda, armak ez erakusteko eta presiorik edo egoera esturik ez sortzeko.
- Guardia Zibilak herriko sarreretan ohiko kontrolak egiteari uzteko. Zarautz herri turistikoa izaki, diru sarrera garrantzitsuena sektore horretatik datorkiola nabarmendu diote, eta kontrolek ”herriaren irudia kaltetzen” dutela. “Bake garaia” dela, eta egun halako jarduerak ez direla “logikoak”.
- Udalarekin elkarrizketak abiatzeko bidea zabal dezan eskatu diote kapitain berriari, eskaeron inguruan hitz egiteko eta aurrera begira sortuko direnez eztabaidatzeko.