Orioko Udalbatzak atzo iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuen. Bertan eztabaidatu eta bozkatu zituzten gai gehienak admistratiboak izan ziren arren udal talde desberdinen artean izan zen desadostasunik hainbat gairen inguruan. Udal kanpineko zaharberritze lanak egiteko finantziazio prozedura esaterako kritikatu egin zuen EAJ udal taldeak.
Orioko Udalak 2012eako aurreikusten dituen inbertsioak hurrengoak izango dira: kanpineko bungalowak 175.000 euro eta kanpineko obrak 235.000 euro, denetara 410.000 euro. Hori altxortegiko gerakinetik finantziatuko da osorik. 2013rako aurreikusten den inbertsioa hurrengoa izango da: kanpineko bungalowak 535.000 euro eta kanpineko lanak 65.000 euro; osotara 600.000 euro. Horiek finantziatuko dira Orio Garatzen S.L.ren aportazioarekin alde batetik eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak emandako diru laguntzarekin bestetik.
EAJ udal taldeko Jon Redondok kritikatu egin zuen osteguneko udalbatzarrean Udal Gobernuak proposatu zuen prozedura. "Guk ezetz bozkatuko dugu puntu honetan. Guk bere garaian EAJtik proposatu genuen dirua aurreko urtetako soberakinetik hartu beharrean, hiru urtetan ekitaldietako aurrekontuetatik hartzea. Guk egiten genuen proposamenak gaur egun mahai gainean dagoenarekin alderatuz sei hilabeteko atzerapena izango luke, baina esfortzu bat egiten zen inbertsioa aurrekonturarekin lortzeko. Orain aurkezten den prozedurarekin inbertsioaren %95a soberakinetik hartuko da eta %5a subentzioetatik lortuko da. Inbertsio guztiak horrela egiten baditugu, aurreztuta dugun dirua azkar gastatuko dugu. Soberakinera jotzea ondo iruditzen ez zaigunez ezezkoa bozkatu dugu" zehaztu zuen Redondok.
Orain udal taldeko Miriam Uranga turismo zinegotziak Orioko Udal kanpinaren "potentziala" nabarmendu zuen inbertsioa egiteko garaian. "Orioko Udaleko aurrekontuan arazo bat dago, diru sarrera arruntak hain zuzen ere. Diru sarrera arruntak sortzen dituen erakunde bakarra Orioko Udal Kanpina da. Uste dugu bertan zaharberritze lanak egitea zerbitzua hobetzeko beharrezkoa dela eta Udalak dirua izan baduenez eta krediturik eskatu behar ez dugunez, horrela egitea erabaki dugu".
Orioko alkate Beñat Solaberrietaren iritziz, beharrezkoa da "lehen bait lehen" kanpina garai berrietara egokitzea: "Orioko kanpinak 40.000 metro koadroko azalera zuen eta herriarentzat aktibo garrantzitsua zen. Udal Gobernu berri honetatik hori bultzatu nahi dugu eta kanpina dinamizatzeko baliabideak jarri behar dira. Bere garain kanpinarenak ziren lurrak salduta diru-sarrera bat lortu zuen Udalak eta orain diru hori gastatu ez, inbertitu egin nahi dugu. Izan ere, kanpinarekin etekin ekonomikoa lortzeaz gain, lanpostuak ere sortzen dira eta herriko mertakari eta ostalarientzat ere irabaziak sortzen ditu. Gerakina herriaren patrimonio bat da, herriarenak ziren lur batzuk salduta lortu zelako; guri dagokiguna da hori kudeatzea, ondo erabiltzea eta inbertitzea herriari onura sortzeko". Solaberrietak argi eta garbi adierazi zuen: "Orioko Udal Kanpina udal zerbitzu bat da, udal zerbitzua errentagarri bihurtu behar dugu eta horretarako ariketa batzuk egin behar dira eta horiek lehen bait lehen egiten badira hobeto".