Martxelo Alvarez: «Oroimen ekitaldia da, ez politikoa»

Zarauzko Hitza 2012ko irailaren 28a

Zarauzko hilerrian bildutako politikari andana ikusita, Jon Paredes Txiki-ri eta Angel Otaegiri egindako omenaldia «oroimen ekitaldia» dela nabarmendu zuen Martxelo Alvarezek, «eta ez politikoa». 1936-1977 Ahaztuak elkarteko kideak familien ondoeza jakinarazi zuen, hala. Ordezkari politikoen presentzia zintzoa espero zuela gaineratu, eta omenaldia «marketing politiko» gisa ez erabiltzeko eskatu zien. «Inoiz ez da hainbeste komunikabide bildu hemen. Badakigu hauteskundeak gerturatzen ari direla, eta ez genuke marketing politikoa egiteko baliatzea». Omenaldia «beste sentimendu batetik» datorrela gogoratu zuen, eta, beraz, deklarazioak hilerritik kanpo egiteko eskatu zien. Oroimena aitortzeko bidea «elkarrekin egiteko» prestutasuna agertu zien. Atzo bete ziren 37 urte Otaegi nuarbetarra eta  Txiki zarauztarra, ETAko kideak biak, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideak fusilatu zituztela. Hala, Gudari Egunaren baitan hainbat ekitaldi egin zen Azpeitiko Nuarbe auzoko hilerrian eta Ahaztuak-ek antolatuta Zarautzeko hilerrian. Eguerdian elkartu ziren «demokrata eta antifaxista» horiek omentzeko, Zarautzen. Bertaratu zirenei eskerrak emanez hasi zuen Alvarezek ekitaldia. «Hainbat urtetan jende bera bildu gara hemen. Bakartasunean eta ezjakintasunean, hemen egon dira familiarteko eta lagunak, memoriaren aitortzaren alde lanean eta gaur omenduko ditugunak ozen eta garbi zein izan diren aldarrikatzen, frankismoaren amaieran, 1975eko abenduaren 27an, fusilatu zituztenak, hain zuzen». Txiki zein Otaegiren sendiaz eta herrikideez gain, [...]

Txikiren ama (ezkerrean) eta Jaurlaritzako Biktimen zuzendaritzako Biktimen Arretarako zuzendari Maixabel Lasa (eskuinean), besarkatuta atzo Zarauzko hilerrian (Amaia Ventas/Urola Kostako Hitza)

Zarauzko hilerrian bildutako politikari andana ikusita, Jon Paredes Txiki-ri eta Angel Otaegiri egindako omenaldia «oroimen ekitaldia» dela nabarmendu zuen Martxelo Alvarezek, «eta ez politikoa». 1936-1977 Ahaztuak elkarteko kideak familien ondoeza jakinarazi zuen, hala. Ordezkari politikoen presentzia zintzoa espero zuela gaineratu, eta omenaldia «marketing politiko» gisa ez erabiltzeko eskatu zien. «Inoiz ez da hainbeste komunikabide bildu hemen. Badakigu hauteskundeak gerturatzen ari direla, eta ez genuke marketing politikoa egiteko baliatzea». Omenaldia «beste sentimendu batetik» datorrela gogoratu zuen, eta, beraz, deklarazioak hilerritik kanpo egiteko eskatu zien. Oroimena aitortzeko bidea «elkarrekin egiteko» prestutasuna agertu zien.

Atzo bete ziren 37 urte Otaegi nuarbetarra eta  Txiki zarauztarra, ETAko kideak biak, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideak fusilatu zituztela. Hala, Gudari Egunaren baitan hainbat ekitaldi egin zen Azpeitiko Nuarbe auzoko hilerrian eta Ahaztuak-ek antolatuta Zarautzeko hilerrian.
Eguerdian elkartu ziren «demokrata eta antifaxista» horiek omentzeko, Zarautzen. Bertaratu zirenei eskerrak emanez hasi zuen Alvarezek ekitaldia. «Hainbat urtetan jende bera bildu gara hemen. Bakartasunean eta ezjakintasunean, hemen egon dira familiarteko eta lagunak, memoriaren aitortzaren alde lanean eta gaur omenduko ditugunak ozen eta garbi zein izan diren aldarrikatzen, frankismoaren amaieran, 1975eko abenduaren 27an, fusilatu zituztenak, hain zuzen».

Txiki zein Otaegiren sendiaz eta herrikideez gain, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi (Bildu), Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria (Bildu), Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu Iñaki Errazkin (Bildu), Zarauzko Bilduko zinegotzi Eider Illarramendi eta Gari Berasaluze,  EAJko zinegotzi Imanol Lasa eta Maribel Albisu, Zarauzko Aralar-Ezker Anitzako Aser Lertxundi, Zarauzko PSE-EEko ordezkari Patxi Elola, eta Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari Maixabel Lasa bildu dira hilerrian.

Ia 40 urtean «beldurra, indarkeria eta faxismo hutsean» oinarritutako erregimena gogoratu zuen Alvarezek fusilamenduen 37. urteurrenean, eta horren aurrean ezin dela «beste aldera begiratu» nabarmendu. «Egia ukaezina da. Hori dela eta, egun inork ezin du eta ez du beste aldera begiratu behar».

«Egia ukaezina»
Urte horietan, ordea, «denetarik» gertatu da. Haren arabera, 2009ean Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta Ertzaintzak «bultzaka» atera zituzten. 2010ean auzitegi berberak esan zuen omenaldia ez zela Dignidad y Justiciak zioen terrorismoa goratzea, eta hortaz, ekitaldi xume hori egin zezaketela. Aurten, ordea, elkarte horren «betiko eskaeraz» gain, Nafarroako Carmen Albak, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak, Iruñeko udaletxeko plazan atzo egiteko asmoa zuten ekitaldia debekatu zuela ohartarazi zuen, «beste behin ere nafarrei eta memoria demokratikoari min eginez».

«Argi utzi nahi dut hau ez dela terrorismoa goratzeko ekitaldi bat. Erresistentzia, antifaxismoa eta benetako demokrazia goraipatzekoa baizik», zehaztu zuen: «Guztiok amesten dugun benetako demokrazia hori lortu nahi badugu, ezin ditugu gaur omenduko ditugunak ahaztu, ezin dugu memoriaren zati jakin bat soilik gogoratu».
Lore eskaintza egin zien Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusinak eta Ines Ibañez Jaurlaritzaeko Giza Eskubideen zuzendariak . Hegoak ebaki banizkio, Eusko Gudariak eta Internazionala abestu ostean, txalo artean amaitu zen ekitaldia.

Nazio ekitaldia, Azpeitian
09:30ean, Azpeitiko Nuarbeko hilerrian Otaegi zenaren senideak, hainbat herritar,  Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkin eta  Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Bilduko hainbat zinegotzi izan ziren. Otaegiren hilobian lore eskaintza egin zuten.  Gero, handik Zarautzera joan ziren, Txikiren hilobiaren aurrean antolatutako ekitaldian parte hartzera.
Egiari Zor ekimenak deituta, bihar Egia bide, askatasuna amets lelo hartuta nazio mailako ekitaldia egingo dute, 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan. «Gure herriak egia jakin behar du, gatazka politikoaren eta bere ondorioen inguruko egia osoa behar du». Egia jakiteak indarkeria agertokitik agertoki demokratikora pasatzea erraztuko duela diote.

Euskal Herriko askatasunaren aldeko konpromisoa izan zutenen bizitza eta lekukotza Euskal Herriko historiaren «alde zatiezina» dela esan du elkarteak. «Faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zieten guztiak gureak direlako». Edozein antolakundetako eta garaikoak izanda ere,  «askatasunaren aldeko konpromisoak» eszenatoki berri baterako ateak irekitzea ekarri duela ere esan dute.

Akordio politikoa eta demokratikoa lortzeko lan egingo dutela adierazi dute. «Elkarbizitza eta eskubide guztien onarpena eta gauzapena ahalbidetzen duen konponbidea». Haien ustez, hori da «berme bakarra» jasandako bidegabekeriak eta mina ez errepikatzeko.

Azpeitian Gudari Egunarekin lotutako ekitaldiak etzirako ere antolatu dituzte. Goizeko hamarretan, Azpeitiko plazatik irten eta Nuarbera arteko mendi ibilaldia izango da. Behin Nuarben Otaegi zena bizi zen etxearen aurrean ekitaldia egingo dute, eta segidan bazkaria Nuarbeko pilotalekuan. Bazkarirako txartelak salgai daude Orkatzen eta Txarrantxan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide