Kaleak protestarako, bigarrenez

Getariako Hitza 2012ko irailaren 27a

Aurten bigarren aldiz, eskualdeko herritarrak nagiak ohean utzi, eta goiz atera ziren kalera atzo, protesta egitera. Goiztiarrenak pikete informatzaileetan eta auto-karabanetan parte hartu zutenak izan ziren. 07:30ak ingururako industriagunetan baitziren batzuk, eta kalez kale besteak. Azpeitian, Getarian eta Zarautzen manifestazioak egin zituzten goizean eta arratsaldean, lelo ezberdinekin, baina helburu berarekin: Espainiako Gobernuaren murrizketak arbuiatu, eta ekonomiaren gainean Euskal Herriak erabakimena izan beharko lukeela aldarrikatzeko. Murrizketa=Inposaketa. Eskubide sozial-ekonomikoen alde EHk hitza eta erabakia, edo Ez utzi zapaltzen kapitalismoari entzun ziren, besteak beste. Lasaiak izan ziren protestak; isilak ere bai, Getariakoaren kasuan, esaterako. Ertzaintzaren eta piketeen artean tentsioa Azkoitian baino ez zen egon. Izan ere, martxoaren 29ko greba orokorrean pikete gisa aritutako hiru zarauztar epaitzen hasi ziren pasa den astean Azpeitiko auzitegian. Enpresa eta saltoki asko eta askok bat egin zuten grebarekin. «Mobilizatzen jarraitu behar dugu aurrerantzean ere». Hala uste dute eskualdeko sindikatu nagusienetako ordezkariek; ELAko Ramon Irazuk eta LABeko Aitzol Aristorenak. Urteko bigarren greba orokorra izan zen atzokoa. ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, Hiru, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek egin zuten deialdia, hainbat gizarte kolektiborekin batera. Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketen kontrako deialdiak Urola Kostan «arrakasta nabarmena» izan zuen bi sindikatuen ustez, eta jarraipena «ia erabatekoa» izan zen. Balorazio ona, beraz, [...]

Aurten bigarren aldiz, eskualdeko herritarrak nagiak ohean utzi, eta goiz atera ziren kalera atzo, protesta egitera. Goiztiarrenak pikete informatzaileetan eta auto-karabanetan parte hartu zutenak izan ziren. 07:30ak ingururako industriagunetan baitziren batzuk, eta kalez kale besteak.

Azpeitian, Getarian eta Zarautzen manifestazioak egin zituzten goizean eta arratsaldean, lelo ezberdinekin, baina helburu berarekin: Espainiako Gobernuaren murrizketak arbuiatu, eta ekonomiaren gainean Euskal Herriak erabakimena izan beharko lukeela aldarrikatzeko. Murrizketa=Inposaketa. Eskubide sozial-ekonomikoen alde EHk hitza eta erabakia, edo Ez utzi zapaltzen kapitalismoari entzun ziren, besteak beste.

Lasaiak izan ziren protestak; isilak ere bai, Getariakoaren kasuan, esaterako. Ertzaintzaren eta piketeen artean tentsioa Azkoitian baino ez zen egon. Izan ere, martxoaren 29ko greba orokorrean pikete gisa aritutako hiru zarauztar epaitzen hasi ziren pasa den astean Azpeitiko auzitegian. Enpresa eta saltoki asko eta askok bat egin zuten grebarekin.
«Mobilizatzen jarraitu behar dugu aurrerantzean ere». Hala uste dute eskualdeko sindikatu nagusienetako ordezkariek; ELAko Ramon Irazuk eta LABeko Aitzol Aristorenak. Urteko bigarren greba orokorra izan zen atzokoa. ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, Hiru, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek egin zuten deialdia, hainbat gizarte kolektiborekin batera. Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketen kontrako deialdiak Urola Kostan «arrakasta nabarmena» izan zuen bi sindikatuen ustez, eta jarraipena «ia erabatekoa» izan zen. Balorazio ona, beraz, industria, merkataritza, irakaskuntza eta zerbitzu publikoei dagokienez.

«Mobilizazioetan ere jende gehiagok hartu du parte oraingoan, jendetsuak izan dira», adierazi zuen Aristorenak atzo goizean eskualdeko hainbat herritan egindako elkarretaratze eta manifestazioei buruz. Azpeitikoa azpimarratu zuen LABeko ordezkariak.

Irazuk ere mobilizazioak izan zituen ahotan, haien garrantzia nabarmentzeko: «Mobilizazioek ezertarako ez dutela balio aldarrikatzen dute batzuek etengabe. Baina pozik gaude, Portugalen mobilizazioei esker Gobernuak bertan behera utzi behar izan baitu langileei egin nahi zien murrizketa bat. Izan ere, Gizarte Segurantzaren kuota %7 igo nahi zuten han, baina asmoa bertan behera utzi behar izan dute herritarren protestengatik».

Sindikatuen balorazioarekin ez zuten bat egin, ordea, oraingoan ere enpresarien elkarteek eta instituzio publikoek. Sindikatuen ustez grebak %70eko parte hartzea izan zuen Gipuzkoan. Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearentzat, berriz, %40koa izan zen. Confebask enpresarien EAEko elkartearen datuen arabera ere grebak ez zuen arrakastarik izan; «inoizko txikiena» izan zela adierazi zuen elkarteak.

Batasun sindikalik ez
Greba deialdia gehiengo sindikalak egin bazuen ere, CCOO eta UGT sindikatuek ez zuten bat egin ekimenarekin. Hala, bi sindikatu horiek indarra duten enpresa batzuetan lana egin zuten atzo eskualdean. Zumaiako GKN eta Azpeitiko Sidenor aipatu zituzten Aristorenak eta Irazuk: «Horietan greba ez egitea erabaki zuten langileek». Horiek «salbuespena» izan zirela adierazi zuten bi ordezkariek.

Grebaren helburu nagusia Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan erabakitako murrizketen eta lan baldintzen okertzearen kontra protesta egitea zen. Ez zen helburu bakarra, ordea. LABen ustez atzo «jauzi kuantitatibo bat» eman zen. «Burujabetzaren ikuspuntutik jauzia eragin du greba honek; Espainia egiten ari den inposaketen aurrean, mobilizazioetan egon diren leloek hala erakusten dute». Aristorenaren ustez, «aldaketa sozialak aldaketa politikoen bidetik etorriko dira», eta erabakitzeko eskubidearen beharra hor kokatu zuen.

Eskualdea alde batera utzita, sindikatuak, patronala eta instituzioak bat etorri ziren grebak jarraipen handiena Gipuzkoan izan zuela adieraztean.

Argazki galeria hemen ikusgai.

—————————

Amorru erakusketatik harago
Analisia
Eider Alkorta
Politologoa

Martxoaren 29ko greba deialdiaren aldarrikapen nagusia Lan Erreformak gaurko nahiz etorkizuneko langileei zekarzkien eskubide murrizketa eta lan baldintzen okertzea salatzea izan zen. Grebaren balorazioa egitean egun arrakastatsua izan zela aipatu nuen. Gaurko deialdian, berriro ere milaka herritar mobilizatu dira murrizketen aurka, murrizketa gehiagoren aurka; Lan Erreforma hasiera besterik ez zen eta. Irailaren 26ko greba honetan ere Gipuzkoa izan da oihartzun gehien nabaritu duen herrialdea. Urola Kostari begiratuz, grebak erantzun zabala izan du eta sindikatuek jarraipena ia erabatekoa dela adierazi dute. Saltoki eta enpresa asko eta asko (handiak bereziki) itxi dituzte, eta irakaskuntzan eta zerbitzu pulikoetan ere protesta ia erabatekoa izan da.

Berriro, grebaz hitz egitean arrakastaren nondik norakoak eta batasun sindikal eza ditugu hizpide. Grebekiko kritiko direnek grebak zerbait aldatuko duen galdetzen diete sindikatuburuei eta deialdiari atxikimendua eman dioten gizarte eragile eta elkarteei. Bitarteko hau kolokan jartzen denean, borrokarik eta mobilizaziorik gabeko garaipen sozialik ez dela izan nabarmentzen da, ez behintzat esanguratsurik edota gizartearen gehiengoaren eskubideak zabaldu edo bermatu dituenik. Eta horrela da, mobilizazio handiek nahitaez ez badituzte aldaketak ekartzen ere. Mobilizazioek eragina izan dezakete ondoren aldiko gobernuek hartu behar dituzten erabakietan, eurak baitira murrizketak, gehiago ala gutxiago, arlo batean ala bestean, aurrera eramango dituztenak. Konparaketa bat egitearren: irailaren 11n Katalunian izandako mobilizazioek ez dute zuzenean Kataluniaren independentzia ahalbidetuko, baina alderdien hurrengo erabakietan eragina izan dute. Gutxienean, zenbait anbiguetatetik atera eta jarrera argiago bat hartzera behartu dituzte. Independentziaren alde zaude, bai ala ez, eta zein da zure ibilbidea. Murrizketei dagokionez, aplikatuko dituzu bai ala ez.

Batasun sindikal ezari dagokionez, zaharrak berri. Martxoaren 29ko greba egunera azkenean sindikatu guztiak batu ziren, deialdi ezberdinak egin baziren ere. Oraingoan ezta hori ere, eta mobilizazio egun hau batera ez egitearen arrazoietako bat, CCOOk eta UGTk elkarrizketa sozialean parte hartu izana dela adierazi zuen ELAko buruzagi batek. Beraz, deialdi bateratu bat egiteko intentziorik ere ez zela ondoriozta dezaket. Sindikalgintza ereduak,praktikak eta estrategiak ezberdinak izanik, deialdi bateratu eza normaltzat jo du askok. Batasun sindikalaren aldekoek, berriz, une hauetan batasunaren indarra hobesten dute.

Zaila egiten bada sindikalgintza batetaz hitz egitea zailagoa egiten zait interes komunak dituen langilego bat irudikatzea. Eta hori da langile mugimenduari gerta dakioken okerrena, elkartasun sare horiek haustea eta merkatuaren dualizaioak eragindako banaketa birproduzitzen jarraitzea. Azken hilabeteetan, komunikabideetan enpresa handienen itxieraren berri eman digute eta sindikatuetako buruak mobilizazio horietan ikusi ditugu langile horiei elkartasuna adieraziz. Jarrera honekiko kexu adierazi nintzen batean, kopuruaren aldagaia ere kontuan izan behar zela erantzun zidaten. Eta burura etorri zitzaidan, 80.hamarkadaren bukaeran, industria-birmoldaketaren garaian, Labe Garaietako langileen borroka ikur bilakatu zenekoa. Baina aurretik, Ezkerraldean bereziki, milaka langile langabe ziren jadanik eta asko bigarren mailako langile sentitu ere, inor gutxi gogoratu baitzen euretaz. Konplexua bada ere, saiatu beharko dira, gara, langile eta langabetu guztiak aintzakotzat hartzen aldarrikapen eta mobiliazioetan.

Ingurumaria honetan, beldurra nagusitzen ari da gizartean. Murrizketen hasiera ikusi dugu baina bukaerarik irudikatu al dezakegu? Kolore askotako gobernuak ikusiko ditugu ezinbestekotasunaren salbaguarda erabiltzen. Ez dago gure esku, ez dago beste aukerarik, goitik dator erabakia, Troikaren madarikazioa. Baina hein batean murrizketek eduki ideologiko bat dute, eta, hortaz, politikak badu ekintza eremu bat. Eskasa seguruenik, merkatuek gobernatzen gaituzten honetan. Hala eta guztiz ere, egiteko modu anitzak daudela sinetsi nahi dut. Baina horretarako proposamen zehatzak behar dira. Amorrualdia eta haserrea azaleratzeaz gain, alternatibak ere eraiki behar dira, lelo politek eta intentzio adierazpenek ez baitituzte gure arazoak konponduko. Argi gutxi ikusten dut tunelaren amaieran, baina, era berean, errealitate laiotzak gizarte eredu berri eta justuago baten beharraren hausnarketa serio bat ireki duelakoan nago.

—————————-

Kronologia

Krisia eta murrizketak
2007
-Abuztuak 9. Europako Banku Zentralak 95.000 euro bideratu zituen 49 bankutara. Finantzazio arazoak zituzten entitateok, besteak beste, zabor hipotekek eragindako AEBetako espekulazio eta kreditu krisiaren ondorioz.

2008
-Irailak 15. Lehman Brothers finantza zerbitzu konpainiak behea jo zuen. Porrotak eragina izan zuen finantza merkatuetan. Segidan, Goldman Sach eta Morgan Stanley konpainiak eta AIG aseguru-etxea diru publikoarekin erreskatatu zituzten.
-Irailak 25. Irlanda atzeraldian sartu zen, higiezinen burbuila lehertu ostean. Euroguneko lehen herrialdea izan zen horretan.

2009
-Irailak 26. Espainiako Gobernuak 2012ko aurrekontu orokorren baitan gastua %3,9 murriztea, 400 euroko kenkaria bertan behera uztea (soldatako, pentsiodun eta autonomoei eragiten zien, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari zegokionean) eta BEZ igotzea erabaki zuen.
-Urria. Yorgos Papandreu aukeratu zuten Greziako presidente. Gutxira, Demokrazia Berria alderdiaren gobernuak utzitako defizita %6koa baino, %12,7koa dela adierazi zuen. Aurrerago, Europako Batasunak, egidako ikerketak medio, %15,4koa zela argitu du.

2010
-Urtarrilak 28. Espainiako Gobernuak oniritzia eman zion Doitasun Planari. Neurriekin 50.000 milioi euro aurreztea aurreikusten zuen.
-Maiatzak 2. Papandreuk akordio bat sinatu zuen Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin. Atea zabaldu zion, hala, 110.000 milioi euroko erreskateari. Ordainetan, aurrekontuan murrizketak eta egiturazko erreformak egin beharko zituen, 30.000 milioi eurokoak.
-Maiatzak 4 eta 5. Greziako sektore publikoko langileek 48 orduko grebara deitu zuten. Hiru hildako izan ziren banku baten sukurtsal baten aurkako erasoan.
-Maiatzak 20. Espainia Gobernuak aurrekontuak doitu zituen berriz, 15.000 aurreztu eta defizita murrizteko. Neurrien artean, sektore publikoko langileen soldatak %5 a jaistea, 2011n pentsioak izoztea, jaioberriengatiko txekea kentzea, eta inbertsio publikoa 2010ean eta 2011n 6.400 euroan murriztea adostu zuten.
-Azaroak 21. Irlandak erreskatea eskatu zuen. 85.000 milioi euro eskatu zituen, eta, ordainetan, aurrekontua lau urtean 15.000 milioi euro murriztea agindu.
-Abenduak 15. EBren eta NDFren erreskate plana onartu zuen Irlandak.

2011
-Urtarrilak 28. Espainiako Gobernuak pentsio sistema publikoa erreformatu zuen. Erretiratze adina 65 urtetik 75 urtera atzeratu zuten, eta pentsioa kalkulatzeko 15 urte beharrean 25 urte hartuko ditu kontuan aurrerantzean.
-Martxoak 15. Milaka suminduk finantza sistemaren, bankuen gehiegikerien eta korporazio handien kontrako elkarretaratzea hasi zuten Madrilen. M15 mugimendua jaio zen.
-Apirilak 6. Portugalek erreskatea eskatu zuen; Euroguneko hirugarren herrialdea izan zen horretan. 78.000 milioi euroko laguntza galdegin zuen.
-Maiatzak 5. EBk eta NDFk Portugali 78.000 milioi euroko mailegua ematea adostu zuten, hiru urterako, eta %3,5 eta %6 arteko interesarekin.
-Ekainak 27. Espainiako arrisku saria 300 puntura heldu zen.
-Ekainak 30. Italiako Gobernuak 47.000 milioi euroko doitze plana onartu zuen 2011-2014 eperako.
-Uztailak 22. Bruselak Greziarentzat bigarren erreskateari oniritzia eman zion. Neurriak eragina du Espainia eta Italiaren arrisku sarietan.
-Abuztuak 2. Amerikako Estatu Batuek zor sabaia igotzea erabaki zuten.
-Irailak 2. EBk Irlanda eta Portugalentzako bigarren erreskateari oniritzia eman zion; 7.500 milioi euro eta 11.500 milioi eurokoa, hurrenez hurren.
-Irailak 6. Greba orokorra Italian, Lanaren Konfederazio Orokor Italiarrak deituta, gobernuaren doitze planen kontra protesta egiteko.
-Urriak 22. EBk bankuetara 100.000 milioi euro bideratzea erabaki zuen.
-Urriak 27. EBk krisiaren kontrako plana jarri zuen abian. Finantza Orekarako Europako Funtsaren mailegu gaitasuna 440.000 milioi eurokoa izatetik, bilioi bat eurokoa izatera igaro zen. Europako bankuak 106.000 milioi eurorekin birkapitalizatzeko konpromisoa hartu zuen.
-Urriak 31. Grezia erreskatatzeko EBk eskatutako neurrien inguruan herritarrei galdetuko ziela adierazi zuen Papandreuk, erreferendumera deituz.
-Azaroak 1. Nazioarteko merkatuetan eragina izan zuen erreferendum deialdiak, eta behera egin zuten nabarmen.
-Azaroak 2. Erreferendum deialdiaren aurrean Merkelek eta Sarkozyk Greziarentzako laguntza blokeatu zuten.
-Azaroak 3. Papandreuk atzera bota zuen erreferendum deialdia, eta batasun gobernu bat osatzeko negoziazioak hasi zituen.
-Azaroak 4. Papandreuk Greziako Legebiltzarreko konfiantza botoa gainditu zuen.
-Azaroak 5. Papandreuk batasun gobernua adostu, eta haren esku utzi zuen agintea.
-Azaroak 10. Lucas Papademos izendatu zuten lehen ministro Grezian.
-Azaroak 12. Silvio Berlusconik dimisioa eman zuen, Italiako Legebiltzarrak EBk eskatutako neurriak onartu ostean.
-Azaroak 13. Mario Montik du Italian gobernua eratzeko ardura. Teknokratekin osatu zuen, «ekonomia berbideratzeko».

2012
-Urtarrilak 19. Espainiak gutxienez beste bi urte atzeraldian jarraituko zuela aurreikusi zuen Nazioarteko Diru Funtsak.
-Maiatzak 9. Espainiako Gobernuak Bankia nazionalizatu zuen. Espainiako historiako finantza erreskate handienak aurkako erreakzio andana eragin zuen.
-Maiatzak 30. Espainaren arrisku saria 539 puntura heldu zen, ordura arteko gailurra joz.
-Ekainak 1. Arrisku sariaren gailur berria: 548 puntu.
-Ekainak 4. Espainiako
bankak beharko duen erreskatea balioztatu zuen NDFk, eta publiko egin: 40.000 milioi euro.
-Ekainak 9 . Espainiako Gobernuak erreskatea eskatu zuen formalki, 100.000 milioi eurokoa gehienez. Europak laguntza FROB funtsari emango dio, eta hark finantza erakundeei. Bankuak Berregituratzeko Espainiako Funtsa da FROB. Bankuen erreskatea da, beraz.
-Ekainak 15. Sabaia jo zuen berriz arrisku sariak: 543. NDFk BEZ eta oinarrizko zergak igotzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari, baita langile publikoen soldata murrizteko, pribatizazioak sustatzeko eta etxebizitza erosteagatiko kenkaria bertan behera uzteko.
-Ekainak 16. Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoik ukatu egin zuen BEZ igoko zuenik, NDFren eskaera proposamena baino ez zela argudiatuz.
-Ekainak 17. Grezian hauteskundeak. Demokrazia Berria alderdi eskuindarrak irabazi zituen, eta, aurrerago, sozialistekin eta Dimarrekin adostuta osatu zuen gobernua.
-Ekainak 25. Raxoik «finantza laguntza» eskatu zuen bankuentzat, zenbatekoa zehaztu gabe. Eta «laster» beste neurri ekonomiko «zail» batzuk hartuko zituela iragarri, xehetasunik eman gabe.
-Ekainak 25. Raxoik «finantza laguntza» eskatu zuen bankuentzat, zenbatekoa zehaztu gabe. Eta «laster» beste neurri ekonomiko «zail» batzuk hartuko zituela iragarri, xehetasunik eman gabe.
-Uztailak 3. Espainiako Ekonomia ministro Luis de Guindosek jakinarazi zuen FROBek esku hartutako hainbat finantza erakundek «aste gutxi barru» EBren laguntza jasoko zutela.
-Uztailak 7. «Laister» defizita murrizteko neurri gehiago hartuko dituztela aurreratu zuen Raxoik.
-Uztailak 10. EB urtebete gehiago emango dio Espainiari defizita zuzentzeko, baina murrizketa gehiagoren ordainetan.
-Uztailak 11. Murrizketa gehiago iragarri zituen Raxoik: BEZ %18tik 21era igotzea eta langabezia prestazioak jaistea. Gainera, funtzionarioek aparteko ordainsari bat gutxiago izango dute, eta %30 zinegotzi gutxiago izango dituzte udalek.
-Uztailak 23. De Guindosek ukatu egin zuen Espainiak erreskatea eskatu beharko duenik.
-Uztailak 25. Arrisku sariaren gailur berria:
-Atzo. Greba orokorra, Espainiako Gobernuaren murrizketen kontra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide