Krisiaren aurkako neurriak ez direla bidea dio udalak

Getariako Hitza 2012ko irailaren 27a

Pasa den astelehen arratsaldean Getariako Udalbatzak ez ohiko batzarra egin zuen ez ohiko testuinguru batean, EAJ udal ordezkariak ez baitziren bertan izan. Udalbatzarrean egun herrialdeak bizi duen egoera sozio-ekonomiko larria izan zuten hizpide besteak beste udalbatzako kideek. 2012ko uztailaren 14ean Espainiako Partido Popularreko Gobernuak onartu zuen Aurrekontuen Egonkortasuna Sustatzeko Neurriei buruzko errege lege dekretuari kritika egin eta mozioa aurkeztu zuen Getariako Udal Gobernuak udalbatzarrean. Aho batez onartu zuen Udalbatzak mozioa Bilduko bost zinegotzien eta Aitor Bikuña independientearen aldeko botoekin. Azken honek bere botoa eman aurretik hainbat kritika egin zizkion Udal Gobernuari. «Erakunde batzuek mozketak proposatu dituzte krisiari aurre egiteko errezeta bezala eta beste batzuek mozketa horiek indarrean jarri dituzte. Gauzak horrela ez zaigu bidezkoa iruditzen mozketa horiek aplikatu dituen Udal batek, Getariakoak kasu honetan, mozketak salatzeko deitutako grebarekin bat egitea (…) Azken boladan krisiari erantzuteko hartu den bidearen aurka gaude erabat, horregatik eta batez ere Udal Gobernuak ez duelako greba deialdirik egin erakunde bezala, baiezkoa emango diogu mozioari». Eredu ‘kapitalista bortitzena’ Getariako Udalbatzak uste du Aurrekontu Egonkortasuna Sustatzeko Neurriak Espainiako Gobernuak aurretik onartu dituen pentsio erreforma, lan erreforma eta negazio kolektiboaren erreformaren «segida direla». «Neurri horiek orain arte ezagututako estatu eredua aldatzeko eginak dira. Estatuaren funtzioa bera eraldatzen dute, aurrerantzean [...]

Pasa den astelehen arratsaldean Getariako Udalbatzak ez ohiko batzarra egin zuen ez ohiko testuinguru batean, EAJ udal ordezkariak ez baitziren bertan izan.

Udalbatzarrean egun herrialdeak bizi duen egoera sozio-ekonomiko larria izan zuten hizpide besteak beste udalbatzako kideek. 2012ko uztailaren 14ean Espainiako Partido Popularreko Gobernuak onartu zuen Aurrekontuen Egonkortasuna Sustatzeko Neurriei buruzko errege lege dekretuari kritika egin eta mozioa aurkeztu zuen Getariako Udal Gobernuak udalbatzarrean.

Aho batez onartu zuen Udalbatzak mozioa Bilduko bost zinegotzien eta Aitor Bikuña independientearen aldeko botoekin.

Azken honek bere botoa eman aurretik hainbat kritika egin zizkion Udal Gobernuari. «Erakunde batzuek mozketak proposatu dituzte krisiari aurre egiteko errezeta bezala eta beste batzuek mozketa horiek indarrean jarri dituzte. Gauzak horrela ez zaigu bidezkoa iruditzen mozketa horiek aplikatu dituen Udal batek, Getariakoak kasu honetan, mozketak salatzeko deitutako grebarekin bat egitea (…) Azken boladan krisiari erantzuteko hartu den bidearen aurka gaude erabat, horregatik eta batez ere Udal Gobernuak ez duelako greba deialdirik egin erakunde bezala, baiezkoa emango diogu mozioari».

Eredu ‘kapitalista bortitzena’
Getariako Udalbatzak uste du Aurrekontu Egonkortasuna Sustatzeko Neurriak Espainiako Gobernuak aurretik onartu dituen pentsio erreforma, lan erreforma eta negazio kolektiboaren erreformaren «segida direla». «Neurri horiek orain arte ezagututako estatu eredua aldatzeko eginak dira. Estatuaren funtzioa bera eraldatzen dute, aurrerantzean bere zeregin bakarra ekimen pribatuari laguntzea eta kontrol soziala bermatzea izango da».

Getariako Udalbatzaren iritziz hori lortzeko «alde batetik, gutxi batzuek, gehiengo sozialaren kontura espekulatuz aberastasuna metatzen jarraitu dezaten neurriak bultzatzen ari dira. Bestetik, lan erreformek enplegua suntsitzen laguntzen duten bitartean, langabeen kolektiboa iruzurraren susmopean jartzen dute, prestazioen murrizketa justifikatzeko. Horretaz gain, mendekotasun egoera dauden pertsonen eskubideak murrizten dituzte eta horrek eragin zuzena du emakumeen kolektiboengan. Gainera, dekretuz, esparru juridiko politikoaren eraldaketa inposatzen dute, erabat zentralizatua eta uniformizatua dagoen eredu bat ezartzeko».

Getariako Udalbatzak adierazi du, murrizketa guzti horien helburua eredu «kapitalista bortitzena inposatzea» dela. «Krisi ekonomikoa ekarri duten politika neoliberaletatik oraingo langabezia, bazterketa soziala eta pobrezia betikotuko duten politika ultraneoliberalara pasatu gara. Horrela ezinezkoa da hazkundea».

Horren aurrean, Getariako Udalbatzak uste du euskal eremu politikoari dagokiola «taxusko neurriak hartzeko ardura egoerari behar bezala erantzuteko. Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidean oinarrituta bide berri bat jarraituz urratsak emateko, burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarrituz krisi honi irtenbidea propioa ematea ahalbidetzen digun alternatiba erreal bat eraikitzeko». Hautatu beharra dagoela iritzi dute; «krisitik ez irtetea erabaki duen Estatu baten menpe jarri edo krisiari irtenbide propioa emateko politika propioak egitea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide