Udalbatzak gehiengoz onartu du Polikulturalaren kontratu bat etetea

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko irailaren 27a

PPko Rafa Olaizolak zinegotzi kargua utzi du, eta Aser Lertxundi izango da aurrerantzean Aralarreko zinegotzia. Polikulturalari buruzko aholkultaritza eszeniko eta akustikoaren inguruan Zarauzko Udalak Artec enpresarekin 2006an sinatutako kontratua bukatzea erabaki du Udalbatzak. Gehiengoz hartu zuen erabakia herenegungo plenoan, Bilduren eta Aralar-Ezker Anitzaren aldeko botoekin. Proiektua hasi zutenekin, 2004tik, erakundeak «diru asko xahutu»—gutxienez, 1,3 milioi euro kostako zaio udalari «orain arteko ameskeria»— duela gogoratu zuen Bilduko zinegotzi Gari Berasaluzek, eta horrek ondorio ekonomiko zein kultural «larriak» ekarri dituela. ««Eskualdeko eta Gipuzkoako azpiegitura eredugarriena izan behar zuenetik, baratza izan eta zinema eta antzokirik ez izatera pasatu gara». «Munduko tomate garestienen istorioa» dela gaineratu zuen. «Erabaki egokia» dela nabarmendu zuen Aralar-Ezker Anitzako Aser Lertxundik. «Herriko beharretara egokitu gabeko proiektua zen, maila handi batean gehiegikeria zen». Hala ere, Zarautz kultur baliabide mailan «hankamotz» dagoela eta udalak hori konpontzeko «apustua» egin behar duela, hortaz. «Aralar-Ezker Anitzaren ustez, Modelo izango litzateke aukera positiboa». PSE-EEk eta EAJk, aldiz, ez zuten erabakia babestu. «Krisian gaude eta ez dago dirurik, egia da. Baina beharrezkoa al da kontratuak etetea? Gure ustez, ez. Garai honetan dirutza hori ordaintzea ez da beharrezkoa», arrazoitu zuen PSE-EEko Patxi Elolak. Polikulturalaren inguruan «gezur asko» esan direla zehaztu zuen Imanol Lasak, EAJko bozeramaileak, eta halako [...]

Aser Lertxundi (ezkerrean) Aralarreko zinegotzi kargua hartu zuen, eta PPko Rafa Olaizolak uko egin zion herenegungo plenoan (Amaia Ventas/Urola Kostako Hitza)

PPko Rafa Olaizolak zinegotzi kargua utzi du, eta Aser Lertxundi izango da aurrerantzean Aralarreko zinegotzia.

Polikulturalari buruzko aholkultaritza eszeniko eta akustikoaren inguruan Zarauzko Udalak Artec enpresarekin 2006an sinatutako kontratua bukatzea erabaki du Udalbatzak. Gehiengoz hartu zuen erabakia herenegungo plenoan, Bilduren eta Aralar-Ezker Anitzaren aldeko botoekin. Proiektua hasi zutenekin, 2004tik, erakundeak «diru asko xahutu»—gutxienez, 1,3 milioi euro kostako zaio udalari «orain arteko ameskeria»— duela gogoratu zuen Bilduko zinegotzi Gari Berasaluzek, eta horrek ondorio ekonomiko zein kultural «larriak» ekarri dituela. ««Eskualdeko eta Gipuzkoako azpiegitura eredugarriena izan behar zuenetik, baratza izan eta zinema eta antzokirik ez izatera pasatu gara». «Munduko tomate garestienen istorioa» dela gaineratu zuen.

«Erabaki egokia» dela nabarmendu zuen Aralar-Ezker Anitzako Aser Lertxundik. «Herriko beharretara egokitu gabeko proiektua zen, maila handi batean gehiegikeria zen». Hala ere, Zarautz kultur baliabide mailan «hankamotz» dagoela eta udalak hori konpontzeko «apustua» egin behar duela, hortaz. «Aralar-Ezker Anitzaren ustez, Modelo izango litzateke aukera positiboa».

PSE-EEk eta EAJk, aldiz, ez zuten erabakia babestu. «Krisian gaude eta ez dago dirurik, egia da. Baina beharrezkoa al da kontratuak etetea? Gure ustez, ez. Garai honetan dirutza hori ordaintzea ez da beharrezkoa», arrazoitu zuen PSE-EEko Patxi Elolak. Polikulturalaren inguruan «gezur asko» esan direla zehaztu zuen Imanol Lasak, EAJko bozeramaileak, eta halako proiektu bat «beharrezkoa» dela Zarautzen. «Ez herri turistikoa delako, Zarauzko askotariko kultur egitasmoak aurrera eramateko halako leku bat behar-beharrezkoa delako baizik». Polikulturalerako dirua inbertitu dela gaineratu zuen Lasak, eta proiektu horri amaiera eman behar zaiola.

Zarauzko sarrera ekonomiko nagusia turismotik datorrenez, Polikulturala «herriarentzat onuragarria» izango litzatekeela adierazi zuen PPko Rafa Olaizolak. Krisi garaian, ordea, halako laguntzak ematea «ezinezkoa» dela aitortu zuen. Hori dela eta, abstenitu egin zen.

«Orain arte egindako lanagatik», 13.819,10 euro ordainduko dizkio udalak enpresa horri. Horrez gain, 26.354,69 euro itzuliko dizkio. Hala, betiko etengo da Artec eta udalaren arteko kontratua.

Ongietorria eta agurra
Plenoaren amaieran, Olaizolak zinegotzi kargua utziko zuela iragarri zuen; «aspalditik pentsatua» zuela eta «behingoz animatu» dela. Orain «benetan nahi duen pausoa eman» eta ikasi egingo duela esan zuen.
Hamahiru urtez jardun du udalean lanean, eta «akatsak asko» izan diren arren, «zarauztarraren eta PPren alde» egin du. Urte horietan ondoan izan dituenak gogoratu zituen: Carmen Busca,   Silvia Garcia eta Lilianne Alberdi. Haiei zein  udal langileei izandako «jarrera txaloagarriagatik esker ona» adierazi zien, baita udal ordezkariei ere: «Beti izango nauzue lagun».

Udalbatzako kideek txalotu egin zuten Olaizola. «Badakizu asko kritikatzen dudala Eliza, baina ea zurekin zertxobait aldatu eta egoera hobetzen den», esan zion Aralar-Ezker Anitzako zinegotzi Mariana Aranburuk. «Ausardiaz» hartutako erabakia dela nabarmendu zuen Elolak. «Herritarren alde lan egin, eta zure askatasuna defendatu dituzu. Harro gaude urte hauetan gurekin lanean aritu zarelako». Herriak Olaizolari «asko zor» diola adierazi zion Lasak. «Zarautzen defentsan lan handia egin duzu, askotan alderdikeria alde batera utzita. Txalo zaparrada batekin zoaz; horrek zerbait esan nahi du».

PP eta Bildu «politikoki antipodetan» dauden arren, Olaizolaren jarrera «eredugarria» goraipatu zuen Eider Illarramendi alkateordea.: «Zurekin hitz egin daitekeela  eta koherentea eta fidagarria zarela erakutsi duzu».

Bestalde, Lertxundik Aralar alderdiko zinegotzi kargua hartu zuen pleno hasieran. Andoni Ibargurenen ordezkoa izango da aurrerantzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide