Greba herriz herri, argazki eta bideoekin

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 26a

Irailaren 26ko greba orokorra eragin nabarmena izaten ari da goiz partean eskualde osoan. Sindikatuek laster egingo dute Urola Kostari buruzko balorazioa, baina HITZAko kazetariek herriz herri ikusi dutenaren arabera, saltoki eta enpresa asko eta asko itxita daudela esan daiteke jada. Irakaskuntzan eta zerbitzu publikoetan ere protesta ia erabatekoa da. Arratsaldean manifestazioak eta elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat herritan. Azkoitian, esaterako, 17:00etan autokarabana martxa izango da eta 18:30ean elkarretaratzea. Grebak goizean jarraipen zabala izan du Azkoitian, eta piketeen eta ertzainen artean tentsio uneak ere bizi izan dira.  Azpeitian ere grebaren eragina nabarmena da. Manifestazioa egin dute goizean, eta ehunka lagun bildu dira bertan. Arratsalderako ere, grebaren harira, hainbat mobilizazio dago deituta Azpeitian: 16:00etan, kafe-tertulia egingo da udaletxeko arkupetan eta 18:00etan manifestazioa plazatik irtenda. Zestoan ere greba ia erabatekoa da, denda guztiak itxita daude, eta enpresa txiki bat edo beste besterik ez dago zabalik. Getariarren gehiengoak bat egin dute greba orokorrarekin, nahiz eta saltoki gutxi batzuk ateak zabaldu dituzten goizean goiz. Arratsaldean  manifestazioa egingo dute, 18:00etan hasita. Zarautzen sindikatuek deituta autokarabana martxak eta manifestazioak egin dituzte goiz partean, eta arratsaldean 18:00etan egingo dute bigarren manifestazioa, udaletxe aurretik abiatuta. Orion ere 18:00etan egingo dute elkarretaratzea. Gainerako herrietan bezala, grebaren eragina nabarmena zen goizean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide