Azpeitian, ehunka lagun manifestazioan

Nerea Uranga 2012ko irailaren 26a

Azpeitian gaurko deitutako greba ia erabatekoa izaten ari da, baina Azpeitiko greba batzordekoek esan dutenez, Landetako Elmubas, Lan Mobel eta Grumal enpresetan lanean ari dira. Kalean banketxe bat edo bestek ateak ireki egin ditu goizeko lehen orduetan, gero, ordea, pertsianak jaitsi dituzte. Atzotik, greba batzordeko hogei bat lagun egon da udaletxeko arkupetan akanpatuta, "murrizketen kontra". Gaur goizeko zazpiretan, kiroldegi aurretik irtenda kotxe karabana egin dute herriko industrialdeetatik, eta aurreko greba egunetan baino jende gehiago elkartu da. Ondoren, 09:15ean herriko plazatik irtenda, ehunka lagunek hartu dute parte manifestazioan. Arratsalderako ere, grebaren harira, hainbat mobilizazio dago deituta Azpeitian: 16:00etan, kafe-tertulia egingo da udaletxeko arkupetan eta 18:00etan manifestazioa plazatik irtenda. Bestetik, udaletxeko langileek bat egin dute grebarekin, baita Eneko Etxeberria alkateak eta Bilduko zinegotziek ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide