Polikulturalaren bi kontratu etengo ditu gaur Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko irailaren 25a

Legegintzaldi honetako  «erabakirik garrantzitsuenetariko bat» hartuko dute gaurko plenoan: «Polikulturalaren ameskeria eta ondorengo amesgaiztoa eten eta zorra kitatzeko» bi kontratu bertan behera utziko dituzte. Batzordean gehiengoz onartu da, eta gaur bozkatuko dute osoko bilkuran. «2004ean hasi zuten proiektua eta 2012an izango du amaiera», zehaztu du Eider Illarramendi alkateordeak, eta bien bitartean, Zarauzko Udalak «diru asko xahutu» duela gehitu: «Behin airezko piramide hori erori denean, herritarrei eta udalari sekulako zama ekarri zaio». Gutxienez, 1,3 milioi euro kostako zaio udalari «orain arteko ameskeria». Horri gaur etengo dituzten bi kontratuak gehitu behar zaizkio, baita hirugarren bat ere, arkitektoari dagokiona. Azken hori da, Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirreren arabera, ekonomikoki «kontratu potoloena». Oraingoz ez dute hori bertan behera uzteko akordiorik lortu, ordea. Zama, kulturala ere bai «Polikulturalaren balizko asmo eta ameskerien aurka egon gara beti, eta susmoa ere bageneukan ondorio ekonomiko eta kultural larriak utziko zituena», nabarmendu du Illarramendik. Hori dela eta, Udal Gobernua «gardentasunaren izenean airean zeuden kontratuak eteteko modua» birnegoziatzen aritu da orain arte. Hala,«arduraz» jokatu du: «Beste batzuek beste garai batean izan ez zuten ardura erakutsi dugu. Polikulturalak herria hipotekatu du, eta ezin zuen horrela izaten jarraitu». Izan ere, galera ekonomiko «arduragabea» izateaz gain, beste hainbat arazo ekarri du «proiektu faraoniko» horrek: [...]

Polikulturalaren maketa bat (Argazkia: Zarauzko Udala)

Legegintzaldi honetako  «erabakirik garrantzitsuenetariko bat» hartuko dute gaurko plenoan: «Polikulturalaren ameskeria eta ondorengo amesgaiztoa eten eta zorra kitatzeko» bi kontratu bertan behera utziko dituzte. Batzordean gehiengoz onartu da, eta gaur bozkatuko dute osoko bilkuran.
«2004ean hasi zuten proiektua eta 2012an izango du amaiera», zehaztu du Eider Illarramendi alkateordeak, eta bien bitartean, Zarauzko Udalak «diru asko xahutu» duela gehitu: «Behin airezko piramide hori erori denean, herritarrei eta udalari sekulako zama ekarri zaio». Gutxienez, 1,3 milioi euro kostako zaio udalari «orain arteko ameskeria». Horri gaur etengo dituzten bi kontratuak gehitu behar zaizkio, baita hirugarren bat ere, arkitektoari dagokiona. Azken hori da, Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirreren arabera, ekonomikoki «kontratu potoloena». Oraingoz ez dute hori bertan behera uzteko akordiorik lortu, ordea.

Zama, kulturala ere bai
«Polikulturalaren balizko asmo eta ameskerien aurka egon gara beti, eta susmoa ere bageneukan ondorio ekonomiko eta kultural larriak utziko zituena», nabarmendu du Illarramendik. Hori dela eta, Udal Gobernua «gardentasunaren izenean airean zeuden kontratuak eteteko modua» birnegoziatzen aritu da orain arte. Hala,«arduraz» jokatu du: «Beste batzuek beste garai batean izan ez zuten ardura erakutsi dugu. Polikulturalak herria hipotekatu du, eta ezin zuen horrela izaten jarraitu».

Izan ere, galera ekonomiko «arduragabea» izateaz gain, beste hainbat arazo ekarri du «proiektu faraoniko» horrek: «Kultur beharrei muzin egin, eta herriko azpiegiturak zaindu ez zirenez, hutsune kultural izugarria dago Zarautzen». Ondorioz, «ameskeriatik zorrera» igaro direla diote Udal Gobernuko kideek.«Eskualdeko eta Gipuzkoako azpiegitura eredugarriena izan behar zuenetik, baratza izan eta zinema eta antzokirik ez izatera pasatu gara».

Udal Gobernuaren hitzetan, herriko kultur errealitateari erantzungo ez zion proiektua izan da, beraz, polikulturala. «Polikultural hark ustez herriko behar kultural guztiak aseko zituela saldu ziguten». Jakinarazi dutenez, auditorium-a, musika eskola, erakusketa aretoa, munduko euskararen interpretazio zentroa, UNEDen bulegoak… askotariko guneak bilduko zituen eraikinak. Hori garatzeko, ordea, «bizkarra eman» zitzaien Gipuzkoako arkitektoei. «Kultur errealitateari irtenbide berri eta irudimentsuak bilatu behar zaizkio, handinahikeriarik gabe, herriko eragileekin elkarlanean, eta ditugun baliabideekin».

180.000 euro
Polikulturala eraiki ahal izateko, hiru kontratu sinatu zituzten duela zortzi bat urte. Haietako bi udalak sinatu zituen Idom (proiektuaren kudeaketaz arduratuko zen enpresa) eta Artek (Lan akustikoaz arduratuko zena) enpresekin; hirugarrena, aldiz, Zarautz Lur erakundetik bideratu zen, eta Wolf Prix arkitekto austriarrarekin sinatu zuen. Lehenbiziko biei dagokionez, egindako elkarrizketa eta negoziazioak medio, Zarauzko Udala ados jarri da bi enpresekin: egindako lanagatik soilik ordainduko zaie, azterketei eta kudeaketa lanei dagokiena, alegia.

Arkitektoarekin «momentuz» ez dira ados jarri. Eizagirrek jakinarazi duenez, 180.000 euro eskatu dizkio Prixek, eta udala ez dago prest diru hori emateko. «Hari zegokion lana ez da egin, eta, beraz, ez dugu zertan ordaindu», argitu du.

Hori dela eta, negoziatzen jarraituko dutela ohartarazi dute, eta epaitegietara jo aurretik, «tarteko» akordio batera iristen saiatuko direla arkitektoarekin. «Gure jarrera argia da: egin ez duen lan batengatik ez dugu ordainduko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide