
Azpeitiko Greba Batzordeak elkarretaratzea egin zuen herritarrak bihar greba egitera deitzeko (Argazkia: Azpeitiko greba batzordea)
HITZA egunkariko langileek grebarekin bat egin dute, eta bihar ez da egunkaririk argitaratuko*.
Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan erabakitako murrizketen, erreformen, pribatizazioen, zerga igoeren, soldata jaitsieren eta lan baldintzen okertzearen aurrean greba orokorrera deitu dute ehundaka eragilek eta euskal gehiengo sindikalak biharko.
Urola Kostako hainbat herritako greba batzordeen iritziz, «greba orokorra justifikatuta dago, eta beharrezkoa da, orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handienaren aurrean gaudelako». Gainera, azken hilabeteetan egin dituzten murrizketa eta erreformek «euskal gizartean pobrezia eta degradazio» nabarmena eragiten ari direla ere adierazi dute. Horren aurrean Euskal Herriak «hitza hartu behar» duela uste dute eragileek eta sindikatuek. «Bihar kalera irten behar da, eta orain arte jarraitutakoa ez dela bidea aldarrikatu», gehitu dute.
Urola Kostako zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izango du lanuzteak. Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Azkoitiko, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udal langileek greba egitea erabaki dute. Aiako eta Errezilgo udaletan gaur egingo dute langileen batzarra, eta Getariako udal langileek jakinarazi dutenez, langileen artean ez dago jarrera jakin bat eta langile bakoitzak erabakiko du zer egin.
Udalei dagokionean, Azpeitiko eta Getariako udalbatzek egunkari honek atzoko edizioa itxi ondoren ziren erabakitzekoak udalak erakunde moduan grebarekin bat egingo duen ala ez.
Irakaskuntza arloan ere ia erabateko jarraipena izango du biharko grebak. Ikastetxe gehienek gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, baina ez dituzte eskolak egunero bezala emango.
Beste zenbait ikastetxetan, Lizardi Institutuan eta Urola Ikastolan esaterako irakasle bakoitzak erabakiko du grebarekin bat egingo duten ala ez; beraz, egun horretan biltzen diren ikasle eta irakasle kopuruaren arabera antolatuko dute eguna. Badira oraindik zer egin erabaki ez dutenak ere, Azpeitiko Ikasberri Ikastolan esaterako oraindik ez dute erabakia hartu eta gaur dira irakasleen batzarra egitekoak.
*Egunkaria gaur greban
UROLA KOSTAKO HITZA-ko langileek gaur egingo dute lanuztea. Beraz, egunean zehar edizio digitalean ez da albisterik izango eta bihar ez da egunkaririk argitaratuko. Hala ere, bihar jarraipen berezia egingo diote grebari. Goizean goizetik grebak herri bakoitzean duen eragina jasoko dute hemen. Egunkariko webgunean biharko lanuztearen inguruko albisteak soilik argitaratuko dira.
——————————–
Irailaren 26ko greba orokorra
Azkoitia
- 08:00etan, auto karabana, plazatik hasita.
- 17:00, auto karabana.
- 18:30, kontzentrazioa, plazan.
Azpeitia
-08:00etan, auto karabana irtengo da plazatik.
- 17:00etan, kotxe karabana irtengo da plazatik.
- 18:30ean, elkarretaratzea plazan.
Getaria
-09:00tan, manifestazioa plazan.
- 18:00etan, manifestazioa plazan.
Orio
- 18:00etan, elkarretaratzea izango da plazan. Unean bertan erabakiko dute biltzen den jende kopuruaren arabera manifestazioa egin ala ez.
Zarautz
- 07:00etan, kotxe karabana irtengo da Sufiria aurretik.
- 09:00etan, Eroski aurrean elkarretaratzea izango da.
- 09:30ean, manifestazioa aterako da udaletxe aurretik.
- Eguerdian, herri bazkaria izango da Musika Plazan.
- 18:00etan, manifestazioa, udaletxe aurretik abiatuta.
Zestoa
- 09:00etan, auto karabana plazatik hasita.
- 17:00etan, auto karabana.
- 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute plazan.
Zumaia
- 09:00tan, manifestazioa Kofradiatik.
- 19:00etan, manifestazioa Kofradiatik.