Gaur goizean Zarauzko LAB, Ezker Abertzalea, EA eta Aralarrek eta Duintasuna Pentsiodunen Plataformak, Bilgune Feministak eta Zarauzko Gazte Koordinadorak herritarrak irailaren 26rako aurreikusita dagoen greba orokorrean parte hartzera deitu dituzte. «Greba orokorra beharrezkoa da, orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handienaren aurrean gaudelako» azaldu dute gaur eguerdiko prentsa agerraldian.
Azken urteetan Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketak, erreforma, pribatizazio, zerga igoera, soldata jaitsiera eta lan baldintzen suntsitzeak pobrezia eta degradazio sozial nabarmena eragiten ari direla uste dute. «Halaber, ideia eta moralitate eskuindar eta atzerakoien onarpena ekarri du egoera horrek. Horregatik, ezinbestean egoera horri aurre egin behar diogu, borrokatu beharra dugu”.
Alternatibak
Bestalde, argi dute Estatu Espainola garatzen ari den politikei lotuta jarraitzea “Euskal Herriarentzat suizidio politiko eta ekonomikoa” dela. “Krisi Ekonomikoari aurre egiteko alternatiba egon badago eta posible da hiru erabaki zehatz hartzen badira. Lehenengoa, Espainiako Gobernuaren erabakiak ez aplikatzea; bigarrena, Euskal Herriko erakundeetako aurrekontuetan ezarritako murrizketak bertan behera uztea; eta hirugarrena, krisitik ateratzea ahalbidetuko diguten politiken plan instituzional integrala aurkeztea”.
Egitaraua
Orain arte gobernu desberdinek jarraitu dituzten politikei aurre egiteko kalera ateratzea ezinbestekoa dela uste dute Zarauzko LAB, Ezker Abertzalea, EA eta Aralarrek eta Duintasuna Pentsiodunen Plataformak, Bilgune Feministak eta Zarauzko Gazte Koordinadorak. “Euskal Herriko kaleak bete behar ditugu gure esparruan aplikatzen ari diren politikei norabidea aldatzeko. Herriak izan behar du hitza eta herriak hartu behar ditu erabakiak”.
Hurrengoak dira Zarautzen irailaren 26an egingo diren mobilizazioak:
- 07:00etan kotxe karabana irtengo da Sufiria aurretik.
- 09:00etan Eroski aurrean elkarretaratzea izango da.
- 09:30ean manifestazioa aterako da udaletxe aurretik.
- 11:30ean Donostiako manifestaldira joateko deialdia izango da.
- Eguerdian herri bazkaria izango da udaletxe aurrean. Aurreko egunean prestatutakoa bazkalduko dute denek elkarrekin.
- 18:00etan manifestaldia irtengo da udaletxe aurretik.
