
Deklaratzera deitutako hiru zarauztarrei babesa emateko elkarretaratzea, atzo, Azpeitiko epaitegian. LABek deitu zuen, eta Corrugados Azpeitiako langileak ere gehitu zitzaizkien (Nerea Uranga/Urola Kostako Hitza)
Herenegun eta atzo hiru zarauztarrek deklaratu zuten Azpeitiko epaitegian, lana egiteko
eskubidearen aurkako delitua leporatuta. Martxoaren 29ko greba orokorrean Zarauzko malekoian zeuden hiru lagunak pankarta bat eskutan zutela, ertzainak bertaratu eta atestatua ireki zietenean. Auzipetuei babesa emateko eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Urola Kostako LABeko ordezkariek Azpeitiko epaitegiaren aurrean. Kasua artxibatzeko eskatu zuten. Atzoko elkarretaratzera ekainaren 15etik greban dauden Corrugados Azpeitiako langileak ere gehitu zitzaizkion.
Hiru lagunak auzibidean jartzea ez dela «kasualitatea» azaldu zuten LABeko ordezkariek. «Azkenaldian botere ekonomikoak eta politikoak greba eskubideari eraso egiteko helburu argia erakusten ari dira, egiten dituzten adierazpenekin eta hartzen dituzten erabakiekin». Horrekin. greba «kriminalizatzea» dutela xede salatu dute sindikatuko ordezkariek.
Kasu honetan ere «greba eskubidea kriminalizatu» nahi dutela salatu du LABek, eta hiru zarauztarrei leporatu nahi dietena «erabat faltsua» dela. «Hiru auzipetuek egun horretan burutu zuten delitu bakarra protesta era baketsuan egitea izan zen, ez besterik», esan dute LABeko kideek.
«Fartsa judiziala»
Greba eskubidea, langileek beren interesak defendatu, eta kapitalari, patronalari eta «horiei men egiten dien instituzioei» aurre egiteko bitartekorik garrantzitsuena dela esan du LABek. Horregatik, hiru zarauztarren aurkako «fartsa judiziala» bertan behera uzteko eskatu dute; «kasua artxibatu eta greba eskubidea errespeta dezatela».
«Bide propioaren beharra»
Horrez gain, Urola Kostako LABek, hilaren 26rako deitutako greba orokorrean parte hartzera deitu ditu herritarrak: «Greba orokorra aski justifikatuta dago eta gainera beharrezkoa da, Madriletik inposatzen ari zaizkigun neurriak tamainarik gabeko iruzur soziala eta politikoa suposatzen dutelako». «Finantza sistemari emandako erreskatea herritarrok ordaintzea nahi dute», salatu du sindikatuak. Eta horretarako lege eta dekretu bidez sekulako «lapurreta suposatzen duen» murrizketak ezartzen ari direla gehitu.
Horrez gainera, gastuak murrizteko aitzakiarekin Espainiako Gobernuak «guztiz zentralizatua eta uniformizatua» izango den beste bat inposatu nahi duela salatu dute.
Baina, LABekoen arabera, Euskal Herriak bere bide propioa egitea «inoiz baino beharrezkoagoa» da, eta horretarako burujabetza politikoa eta ekonomikoa behar ditu, «bere bitarteko propioak behar ditu, erabakitzeko gaitasuna behar du, bere erabaki propioak hartu eta bere politika propioak garatzeko». Hilaren 26rako deitutako grebarekin erakutsi nahi dutena horixe da: «Euskal Herrian burujabetzaren bidetik beste eredu sozial eta ekonomiko baten alde egiteko eta krisiari beste alternatiba bat eraikitzeko prest dagoen masa sozial nahikoa badagoela».
«Kalera atera beharra»
Datorren asteazkenean, irailaren 26an, Urola Kostako herrietako kaleak herritarrez bete beharra dagoela azaldu dute LABekoek. Egun horretako «indar erakustaldiarekin» Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko prozesu politikoa «indartu eta azkartzeko» eskatzeko, eta «Gasteizko eta Iruñeako gobernuei estatu espainoleko murrizketak ez ezartzeko» exijitzeko izan behar duela adierazi dute sindikatukoek.
Greba orokorraren egunaren aurretik, baina greban parte hartzeko deia eginez, hainbat ekimen deitu dituzte eskualdeko herrietan. Esaterako, atzo arratsaldean Zestoako kaleetan greba orokorrerako deia eginez eta Euskal Herriak hitza eta erabakia lelo hartuta auto karabana egin zuten. Horrez gain, astearterako argiak itzalita ekimena antolatu dute, 22:00etan.
Azpeitian, gaur grebarako deia eginez agerraldi zabala egingo dute; Zarautzen, berriz, bihar egingo dute, 10:30ean, Musika plaezan. Elkarretaratzeak ere deitu dituzte: Zumaian gaur, 19:30ean, Banco Santanderren bulegoaren aurrean; eta, Getarian, bihar, 12:00etan, herriko plazan.
————————————–
Lau urtean hirukoiztu egin da langabetu kopurua Zumaian
Asteazken iluntzean Zumaiako ezker abertzaleak elkarretaratzea egin zuen herritarrei irailaren 26rako aurreikusita dagoen greba orokorrean parte hartzera deitzeko. «Greba orokorra justifikatuta dago, eta, gainera, beharrezkoa da, orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handienaren aurrean gaudelako».
Horrez gain, Zumaiako egoera sozio-ekonomikoa ere izan zuten hizpide. «Aurtengo abuztuan Zumaian 574 langabetu zeuden; duela lau urte, 2008ko abuztuan, berriz, 184 lagun ziren herrian lanik gabe zeudenak», zehaztu zuten. Beraz, lau urtean hirukoiztu egin da langabetu kopurua Zumaian, ezker abertzalearen arabera.
«Pobrezia eta degradazioa»
Azken urteetan Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketak, erreforma, pribatizazio, zerga igoera, soldata jaitsiera eta lan baldintzen suntsitzeen aurrean herritarrek erantzun egin behar dutela uste du ezker abertzaleak. «Gasteiz eta Iruñeko gobernuek Madrildik inposaturiko murrizketa politika aplikatu dituzte,
eta hori egitea derrigorrezkoa dela esan arren, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kapitalaren zerbitzu eta aginduetara diseinatzen dituzte euren politikak. Onartzen ari diren murrizketa horiek guztiak pobrezia eta degradazio sozial nabarmena eragiten ari dira herritarren artean» .
Irtenbiderako ildoak
Testuinguru «latz» horren aurrean krisiari irtenbidea emateko hainbat ildo proposatu ditu Zumaiako ezker abertzaleak. Hemendik aurrera, «bankari dirurik ez ematea, euskal erakundeek murrizketak ez aplikatzea, politika publikoak errotik aldatzea, etabehingoz euskal instituzioak gizartearen zerbitzura jartzea. Azkenik, Espainiako Gobernuak ildo horiek aurrera eramaten utziko ez balu, miseria sortzen duten eta konponbideetatik urruntzen gaituzten neurrien menpeko ez izateko erabakia haru behar dugu behingoz», azaldu dute. Izan ere, Estatu Espainola garatzen ari den politikei lotuta jarraitzea «suizidio politiko eta ekonomikoa» dela Euskal Herriarentzat argi du Zumaiako ezker abertzaleak.
Hitza eta erabakimena
Euskal Herriak ahal den azkarren hitza eta erabakimena behar dituela uste dute Zumaiako ezker abertzaleak. «Murrizketak derrigorrezkoa delako aplikatzen ditut esatetik, ezin ditut aplikatu Euskal Herriko gizarteak baztertu duelako esatera pasa behar dugu». Hori egindakoan, krisitik ateratzea ahalbidetuko duten politika egiteko plan instituzional integral bat lantzea, alternatiba dela uste dute.
Horregatik, Euskal Herriak aplikatzen ari diren politiken norabidea aldatzeko eta «gure herriak hitza eta erabakiak hartu behar dituela aldarrikatzeko, irailaren 26ko Greba Orokorrean parte-hartzera animatu nahi ditugu zumaiarrak».
